Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Udaren hasierakoak

Uda atarian izan ondoren udan gara jada, egutegian, eguraldiak bestelako irizpideak baditu ere. Pozgarria da jakitea zer edo zer behintzat kontroletik kanpo ari dela, bere kabuz, bejondeiola! Urte askotarako eguraldiari! Eta aterkiari ere, orain euritako orain guardasol. Bai, udan, neguan ez bezala, euria talka-gai, baserritarrak eta hondartzako izotz-saltzaileak ez baitute berdin sentitzen, jarduera-eremuak oso desberdinak diren seinale. Tira, lurraldeak lurra behar du, eta lurrak ura; goizeko ihintza nahikoa ez denean euria behar, berdetasunaren abiapuntu.

Tira, demonio, udaren harira! Udaren hasieran gauzak moteldu egiten dira, ia-ia gelditu arte, politika esaten den errei horretan sikiera, non jesarlekuek denbora batez ez duten jende-zamarik sentituko. Bejondeiela horiei ere! Errepide handietan, ostera, gauzak azkartu egiten dira, egutegiko egun zehatzetako joan-etorrietan behintzat… azkartu hurrengo ordainlekuko ilarara heldu arte, non errepideak politikaren itxura hartzen duen. Ibilbide-mapa argiren falta biotan, seguruenik.

Egun aproposak oraingoak kurtsoaren ebaluazioa jendaurrean egiteko ere. Lehendakari batek itun integratzaileak eskatu ditu, inoiz heltzen ez den gerora begira. Baina ez du agendan lekurik hartu egun bereko alardean egoteko, halako itunak gauzatzeko. Zorrean geratu da, beste behin ere, berankor; egunotan foru ogasunek plazaratu dituzten zordunen zerrendari gehitzekoa. Nork-Alardeari-Zor. «Pertsonak helburu» leloa baino hobeto pertsonak helbide. Ama, ama, lokatz gehiago da moketa batzuetan EHZ jaialdiko eremuan baino.

Tira, sasoia ere Tour jokoan saiatzeko. Izen batzuk baditut, baina iraganeko apustuak gogoan… gehienak jaisten zaizkit lehenengo egunetan, eta berandu altxatu. Gainera, maldan gora baino maldan behera izango da aurton ikuskizuna! Ikusi beharko!