Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kanpalekua erakargarri egin

G1, G2, G3 eta G4raino behintzat Karakorum mendikateko gailurrak dira, beti leku berean direnak, altueran metroren batzuk gorabehera. Erakargarriak mendizaleentzat, edozelan ere; batzuentzat gailurra helburu, guztientzat aldapa helbide. G4tik aurrerakoak auskalo zer diren! Horra G8 bestelako gailurra, noizean behinekoa, gaur hemen bihar han, ibiltari. Edo egunotako G20 zer hori, Hanburgon oraingoan.

Horra bildu dira munduko hogei nagusiak. Ez, ez da udako ikastaroa; hauetara jendea honetaz edo hartaz ideiak partekatzera doa, kultura zabaldu nahian edo. Horien gailurrean, ostera, honetaz eta hartaz euren ideiak zurruntzera doaz, beste guztion kultura menderatua izateko asmoaz. Hau kolpea! 20 horiek gailur hartu duten hiria da besteek, osasunez kontrario direnek, beheko kanpaleku hartu dutena. Eta polizia kanpalekua husten saiatu da, besteok gailurra gozatu dezaten, aldapa igo gabe ere.

Zooa beharko izan hogei horien gailur eremua, desagertzeko beharrean den giza espeziea beharko zelakoan. Baina, momentuz ez da horrela, kontuak kontu eta kulturak kultura; eta kaioletan direnak beste batzuk dira, lurrean zein itsasoan. Gailurra erakusleiho hartuta hor aritu dira, nor baino nor, aharrausika, orain banaka orain taldeka, bostekoa elkarri emanda han-hemenka, planetako mundu guztiak mendean izateko nahia partekatuta.

Baten batek harro defendituko du bere muga sakratuan harresi altua eraikitzea; hori bai, eguzki panelez hornitua hesiaz bestaldekoak gutxiago ordaindu behar izateko. Besteren batek mehatxua egingo du bere altzairuak ate itxirik topatu ez dezan inongo mugetan … Gailurrez gailur ari dira, globalizazioa aitzakia, nork bere mugak barrutik txiki baina kanpotik handi egiten. Eta bitartean, besteok aldapan gora eta behera hurbileko gailurrak erakargarri egin nahian, kanpalekutik bertatik…