Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zerrendan gaien falta

Udako ikastaroak edonon, udan. Eta ia ezertaz. Baina, lizentziatu legez aitortu behar dut, gai batzuen falta sumatzen dudala, amaigabeko zerrenda ikusi eta izena ematerakoan.

Ez, ez nago beheko Estatuarekin euskaldunok ditugun finantza harremanen ohiko normalkeriaz, ez horixe! Batak zorra eta defizita ezartzeko nagusitasun osoa daukan aldebikokeriaz ere ez; horretarako ez da ikastarorik behar, edo, izatekotan, urteak daukan eguzki-ordu gutxieneko eguna nahikoa litzateke, lainotuta egonda ere, aurkezpen ofiziala eta kafe-tarteak barne.

Ez, haratago noa ni. Lurra bera dut faltan sumatzen gai moduan, lur-barneko lurra izan ere. Non amaitu ote zuen bidea tunel horietatik ustez atera zuten balizko lurrak? Zein bidaia agentziaren kamioitzarrek lortu zuten tamainako balentria? Auskaloko bidea omen zen hura. X espediente-gai; nahiz eta Ertzaintzak halako eremu ezkutuak ikertzeko agente adituak izan omen bai, antza arituak ez, behar bezalako linterna-bateriarik ez dutelako.

ETBren ekoizpen propiorako gai aproposa, “Lurren irakurlea” saioren baterako, edo “Euskal Herriko mugimenduen historia” izan litekeen saiorako. Izan ere, tunel horietan izan ei ziren lur-mugimenduek mugarria, teorikoa betiere, ezarri dute Bizkaiko Golkoaren eboluzio geologikoan. Bihar-etziko balizko lurrikara politikoen hipozentroa.

Antartikatik askatu den iceberg handiak izan du egunotan lekua albistegietan.

Hala ere, itsasoko irudirik adierazgarrienek Mediterraneotik heltzen segitzen dute, etenik ez duen seriean. Iceberga itsasoan omen da orain aske, kontinentea atzean utzita; beste horiek, kontinentetik kontinentera, bizirautea helburu bakarra, itsasora gorputz sartu eta handik gorpu atereak izaten dira. Urte osoko ikastaro trinko eta praktikorako gai. Erabakiekin.