Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
aPERITIFa...

«LGBT+ kolektiboak bere jite alai eta librea erakusten du bestetan» . beñat gAXEn (LES BASCOS)

Les Bascos elkartearen egoitzak benetako metamorfosia egiten du Baionako bestetan. Txalaparta izeneko lokala LGBT+ kolektiboen erreferentzia da urte osoan, eta izan ere, peña izaera duenez, Jacques Laffitte karrika kolore eta musikaz betetzen du besten karietara, horretarako programa berezia landuz.

Afixa eta material artean atxeman dugu Beñat Gaxen. Oporretatik itzuli berria, gorputza eta burua «dena emateko» prest omen ditu. Solasaldi erdian, Safir heldu da Txalapartara. Ohorea ere bada aurtengo artista gonbidatua ezagutzea.

«Begira nazazu ongi, larunbat gauean publiko aitzinean janzkera ezin distiratsuago eta luma sorta eder batekin azalduko bainaiz, eta orduan ziur izan ez nauzula ezagutuko!», gomendioa eman digu, irribarrez. Egitarauaren izarra partitu ostean Beñat Gaxenek bere iritzia eman du. «Urtean zehar aitzineratzen dugun lana, elkartasuna eta berdintasuna aldarrikatzeko, era guztiz naturalean txertatzen dugu besta giroarekin».

Triath’drole eta flashmoba

Baionako bestak ireki aitzin, eraso sexistak ekiditeko bere konpromisoa azaldu du Les Bascosek, hiriko beste elkarteekin batera protokoloa izenpetuz. Bortizkeriaren biktimei harrera egiteko R. Barthes plazan aurten lehen aldikoz antolatu gunean lan eginen du elkarteak, baita ere.

«Alde batetik, guretzako elkarlan horretan jardutea hiriaren bizitzan parte hartzeko modu bat da, eta bestetik esperientziak erakusten digu bestak amaituta jende gehiago hurbiltzen dela diskriminazioari aurre egiteko eskaintzen ditugun zerbitzuetara, hain zuzen ere, egun hauetan gure ateak zabalik ditugulako», azaldu du Gaxenek. Baina zein da berarentzat jaietako unerik preziatuena? «Ostiraleko Triath’drole proba biziki maite dut, esfortzu fisikoa eskatzen du, baita irudimena lantzea ere», erantzun du algara ozen batekin. Igandeko flashmoba (17.00) ere ez da txantxetako hitzordua. «Egunero errepikak eginen ditugu, maila balekoa emateko esperantzaz», gaineratu du. Txalaparta eguerditik gaueko ordu biak arte irekia izanen da. Lokal aurrean ostadar koloreko dantza egiteko aukerarik ez da falta. Gomendio bakarra: «Adio aurreiritziak, eta gora besta!»