Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
aPERITIFa...

«Baionako bestetan lan egitea ez da hain zaila Hazparnekoa bazara»

Hasieran gure plana Maialen Minvillerekin solastatzea zen, baina bestetako gorabeherak tarteko, finean Baionako garbiketa zerbitzuetan jarduten duen emaztearekin aurreikusia genuen hitzorduak huts egin zuen. Alta, Roland Barthes plaza zabalean Maialen bezala bestetan hiriaren bisaia zaintzen duten bertze langileekin egin genuen topo.

Erritmo bizian, buru zorrotzeko makila batekin hondarkinak ziztatzen dituzte. Edalontzi, paper eta ogitarteko puskak poltsa beltzetan sartzen dituzte. Laster batean zapaldutako belarra baizik ez da ikusten. Gero, hondarkin-jasotzaileek zakuak kamioian pilatzen dituzte. Ibilgailuaren gainean gidaria dute zain. Alain Celestin du izena eta, azaldu digunez, badira 15 urte garbiketa zerbitzuan lan egiten hasi zela. Prestaketa psikologiko berezia behar al du besta denboran lanera etortzeko? Alainek ezetz dio. «Jakin badakit Baionako jendea eta honat besta egitera trumilka datozen jendeek ongi pasatzeko batzuek lan egin behar dugula».

Erantzun arduratsua da, arduratsuegia. Zerbait ezkutatzen ote digu langile irribarretsu honek? Tira, bere jatorriak pista bat eman dezake. Alain Baionara lanera etortzen da egunero, baina bere bizilekua 25 bat kilometrora dago. Hazparnekoa izaki, gainera, jadanik bestez gozatu du Alainek. Hazparnekoek baionarren aurretik ospatzen dituztelako beren besta nagusiak, San Joaneko suarekin hain zuzen ere. «Horiek bai besta onak!», bota du harro garbitzaileak.

Berina gutxiago, zorionez

180 bat langilek jardun dute Baionako bestetan hiriaren oinarrizko garbitasuna bermatzeko. «Besta denboran askari berezia ezartzen digute eguneroko ibilbideari ekin aitzin», azaldu du langileak. Bestela kontent da, «berina gutxiago baliatzen delako bestetan», gaineratu du. Gaur emeki-emeki Baiona normaltasunera itzuliko da. Ostatuen aitzineko barrak, zaldiko-maldikoak, harmailak eta, oro har besten karietara hirian pilatzen diren tramankulu guztiak desagertuko dira. «Aste honetan sakoneko garbiketa eginen dugu; besta amaituta ere gure lana ez da fite apalduko», egin du oharra Alainek, kamioia berriro martxan jarri eta eskuarekin agurtuz.