Infrasoinu eta suprasoinu artean
Hor dago, iluntzero, aparkaleku pareko horman, zirkua iragartzen duen kartela. Ez dakit nondik datorren eta emanaldia noiz den. Beti izanen da, bata bertzearen gainean itsasten baitira afixak, pailazo maltzur baten aurpegiarekin denak.
Hor daude, gure mutur aitzinean, ikusten ez ditugun gauzak. Edo etengabe ikusten ditugunak. Begiratuaren begiratuaz ikusezin bihurtu zaizkigunak, edo inoiz arretarik jarri ez diegunak. Infrairudiak eta suprairudiak.
Kazetaria istorio harraparia bada, aitortu behar dut “infra” horiek pizten didatela interesa eta ohiko albisteen joan-etorria marmarra bilakatzen zaidala sarri buruan. Suprasoinua. Entzunaren entzunaz, azkenean ez dut deus ere aditzen. Sentitzen dut nire burua ikaragarri mugatua dela informazio guzia barneratzeko. Nirea eta denena, jakina. Bakoitza bere eroak bizi du eta bakoitzak ditu bere kuttunak, futbola, politika, makrobiotika ala bertsolari txapelketa nagusia. Interesaren arabera zaizkigu soinu batzuk “infra” eta bertzeak “supra”. Inguru batean “supra” direnak, handik aterata “infra” izanen dira.
Berri Txarraken disko berriaren “infrasoinuak” harrapatzeko gogoz nago. Gorka Urbizuk 7K-ri azaldu zionez, azpian egote horretaz egiten dute gogoeta: «Zenbat hots, zenbat alarma hots bidaltzen dizkigun munduak edo gizarteak berak, eta hor egonagatik, ematen du zarata artean despistatuta gaudela eta ez gaudela kasu egiteko prest». Suprasoinu eta infrasoinu artean gabiltza. Eta erranen nuke azpiko hauek gidatzen dutela gure bizia, gainekoak ikusten baditugu ere.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
