«Euskararen edertasuna munduari erakusteko aukera on bat izan da Twitterreko haria»
Twitterreko @TheJasier erabiltzailearen atzean Hasier Etxapare Kareaga tafallarra ezkutatzen da. Egunotan ezagun egin da, etimologiaren bitxikeriei tiraka euskararen edertasuna lau haizeetara zabaldu baitu Twitterren. Bere txioek arrakasta itzela eskuratu dute.

Nor ezkutatzen da Twitterreko @TheJasier erabiltzailearen atzean?
Hasier Etxapare Kareaga. Tafallan jaio eta hazi nintzen, baina Iruñean bizi izan dut nerabezaroa eta Iruñean garatu naiz pertsona bezala. Gaur egun Gasteizen bizi naiz, baina askotan itzultzen naiz Nafarroara bisita egitera.
Nire denboraren gehiengoa irakurtzen, idazten, filologia ikasten eta metal musika entzuten ematen dut.
Nire Twitter kontuaz gain @kimerarock_ taldearen kontuaz arduratzen naiz; horregatik agertzen da “Community manager” nire Twitterreko profilean.
«En euskera no decimos ‘querido’, decimos ‘laztana’, que más o menos se traduce como ‘caricia’, and I think that's beautiful». Horixe idatzi zenuen joan den abenduaren 22an eta hari horri tiraka makina bat adibide gehitu zenituen. Zergatik abiatu zenuen hari hori?
Egia esan, ez dago arrazoirik. Nire bikotekideari “laztana” esan ohi diot, eta bat-batean ikusi nuen hitz horren erabilerak kutsu poetiko izugarria duela.
Hasierako intentzioa ez zen horren hari luzea egitea, bakarrik txio hura bota nuen, baina egun hartan denbora librea soberan neukan eta etimologiaren bitxikeriei buruz pentsatzeko astia eduki nuen. Haria egun osoan zehar eraiki nuen, pixkanaka, ideiak banan-banan hartuz eta harira gehituz.
Lehenengo bost edo sei txioak hizkuntzarekin jolasteagatik besterik ez nituen bidali, baina berehala ikusi nuen hariak ohi baino “atsegite” gehiago jasotzen zituela eta ikusi nuen euskararen edertasuna munduari erakusteko aukera on bat izango litzatekeela.
Lehen txioak ia 15.000 “atsegite” lortu ditu eta 8.000 aldiz izan da partekatua. Harriduraz hartu duzu zure txioek izandako arrakasta?
Bai, guztiz harriturik jaso dut arrakasta hau. Banekien betikoek emango zidatela “atsegitea”, baina ez nuen uste horren azkar zabalduko zenik. Ikusi izan dut nola beste kontu batzuek nire txioen formatua erabili duten, beren hizkuntza propioarekin berdina egiteko edo besterik gabe txisteak egiteko. Baina bueno, horrelakoak dira sare sozialak. Ezin jakin noiz edo nola jasoko duzun atentzioa.
Euskararen hamaika adibide eder ipini dituzu zure harian, bai eta Gabonei lotutakoak ere. Zeresana eman dute batzuek, bereziki euskara ezagutzen ez dutenen artean. Zein erantzunek harritu zaitu gehien?
Harrigarriena, dudarik gabe, jasotako erantzunen aniztasun geografikoa da. Euskal Herritik idazteaz gain, Espainiatik eta Europako eta Amerikako zenbait herrialdetatik idatzi didate. Erantzunen edukiari dagokionez, okerrena besteen ideiak ikustea zen, pentsatzen bainuen “Nola demontre ez zitzaidan hau niri bururatu?”.
Zure adibideen atzetik beste hamarka etorri dira Twitterreko beste erabiltzaile batzuen eskutik. Zer deritzozu horri?
Emaitza bikaina dela deritzot. Gaur egun Twitter erabiltzen duen edonork esan dezake Twitter gorrotoaren, banaketaren eta bortizkeriaren sare soziala dela, gai guztiak politizatzeko joera nazkagarri batek kutsatua. Beraz, ikusi dut nire Twitter kontuak xede on bat izan dezakeela: kultura zabaltzea, filologiaren edertasuna erakustea, eta batez ere hizkuntzen erabilera politikoaren kontra jotzea.
Egun hauetan zehar ikusi dut nola nire harian eztabaida ugari sortu diren, euskara aitzakia bezala erabiliz noren edo haren interesak defendatzeko eta gaztelera goi mailako hizkuntza dela esateko eta zer dakit nik. Ez nazazue gaizki ulertu; nire ustez, borroka politikoak oso garrantzitsuak dira, baina hizkuntzaren kontra jotzea oso mugimendu koldarra eta gaiztoa dela uste dut. Hizkuntza bat gizatalde baten ikurra baino gehiago da, hizkuntza bat gizatalde baten nortasunaren isla da, eta kulturaren oinarri den heinean, kulturak eskain dezakeen altxorrik handiena da. Beraz, jendea kultura partekatzeaz gozatzen ikusteak asko pozten nau.
«Tiene cojones dedicarse a la poesía y la lingüística para hacerte famoso por un hilo de Twitter». Hori ere irakurri dugu zure Twitter kontuan. Olerkaria eta Filologian aditua zarela diozu Twitterren, baina Twitterreko hari bategatik famatu bihurtu zara egunotan. Zer diozu?
Ironia munduko indarrik boteretsuena dela, horixe diot. Ez nago haserre, hala ere. Lehen esan dudan moduan, egoera ospatzeko modukoa da eta ahal dudan bezainbeste aprobetxatuko dut lortu dudan eragin mediatikoa.
Bestalde, nire idazle karreran izan dezakeen eraginaren beldur nago nolabait. Gustatuko litzaidake nire idazkiak egunen batean argitaratzea, eta ez litzaidake batere gustatuko argitaletxekoek @TheJasier bezala sinatzera bultzatzea. Ez dut beste “tuitstar” bat izan nahi, beren fama poesia mediokrea saltzeko erabiltzen duten horietako bat. Nire ustez, gaur egun olerkigintza oso egoera txarrean dago, eta ez dut fenomeno horren parte izan nahi. Lortu berri dudan fama aprobetxatu nahi dut argitaletxeekin kontaktuan jartzeko eta idazten dudana munduari erakusteko, baina ni ez naiz @TheJasier, Hasier baizik.
Herri, ibai eta mendien gaineko hari berri bat egitekoa zarela irakurri dugu. Hala da? Zergatik?
Bai, hala da. Txikitatik bizi izan naiz euskal toponimoen magiaz gozatzen, eta besteekin magia hau partekatzea ideia ona dela uste dut. Are gehiago, hau ez da nire proiektu bakarra, eta euskara ez da nire hizkuntza bakarra. Ingeles Filologia ikasten ari naiz, C2 maila daukat ingelesez, eta alemana, greziera eta latina ere ikasten ditut. Hizkuntzalaritzan eta literaturan ere gauza ugari ditut esateko.
Beste hari batzuk prestatuko ditut hurrengo hilabeteetan: Abizenen jatorria, birao eta irain interesgarriak munduan zehar, atsotitzak munduan zehar, hizkuntza konkretu batean soilik existitzen diren hitzak… Adi egon eta ez galdu!

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
