Jon LEUNDA
Aizkora

Urrezko lehiaketa badator

Mutilak binaka arituko dira, zazpi bikoterekin, eta neskek, berriz, banakajardungo dute. Gaur Elorrion jokatuko da saioa, eta bihar Deban izango da.

Gaur abiatuko da gizonezkoen Binakako Urrezko Aizkora, eta baita Bakarkako emakumezkoena ere. Horrekin batera harri-jasotzaileentzako antolatu den lehiaketa bereziak ere lehen jardunaldia izango du gaurkoan.

Gizonen Binakako Urrezko Aizkoran guztira zazpi bikote arituko dira. A multzoan, Atutxa eta Alberdi, Mugertza II.a eta Otaegi, Irazu eta Zaldua eta Otaño eta Lopez arituko dira. B multzoan, berriz, Vicente II.a eta Ruben Saralegi, Azurmendi eta Rekondo eta Larrañaga eta Donato Larretxea.

Finalerako hiru bikote sailkatu dira eta multzo bakoitzean liga jokatu beharko dute denak denen aurka. Horrela, bakoitzeko lehen sailkatuek zuzenean lortuko dute azkeneko egunean aritzeko txartela, eta bigarren geratzen diren biek finalerdia jokatu beharko dute, eta irabazlea finalean izango da.

Lehen jardunaldia gaur jokatuko da Elorrioko Gazeta auzoan, eta bertan, Atutxa eta Alberdi Irazuren eta Zalduaren aurka arituko dira. Jaialdia 12.30ean abiatuko da. Bihar, berriz, 12.30ean, Debako pilotalekuan, Mugertza II.a eta Otaegi Otañoren eta Lopezen aurka arituko dira. Proba bakoitzean sei lan ezberdin egin beharko ditu bikote bakoitzak.

Nesken Buruz Burukoa ere gaur hasiko da. Hasiera batean bost ziren izatekoak, baina GARAri adierazi zion bezalaxe, Alatzne Etxaburua ez da arituko, gerrietako arazo batzuk dituelako, eta lau jardungo dira lehiaketa honetan. Irati Astondoa, Irune Izkue, Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo arituko dira. Hauek ere liga jokatuko dute, denak denen aurka, eta aurreneko hiru sailkatuek jokatuko dute finala. Lehen jardunaldia gaur jokatuko da Elorrioko Gazeta auzoan, eta han, Irati Astondoa eta Nerea Sorondo neurtuko dira. Bihar Deban, berriz, Izkue eta Ariztegi arituko dira.

Harri-jasotzen, berriz, banaka jardungo dira, eta jardunaldi bakoitzeko jasoaldiak kontuan hartuko dira, beti pisu bera izango baita. Gaur Galarraga arituko da, eta bihar Aranburu.