GARA
GASTEIZ

AHTren lanek Aramaion eragindako kalteak salatu ditu EH Bilduk

Abiadura handiko trena eraikitzeko lanen «utzikeriak» Aramaion sortutako arazoak gaitzetsi ditu EH Bilduk. Kalteen zerrenda luzea dela azpimarratu du: «Izan ere, 2008tik lur-jausiak egon dira, irteera gabe utzi dituzte hainbat lursail, desjabetzeak eguneratu gabe daude eta bertako herritarrek gehiago ordaindu behar dute zergetan, eta hainbat bide eta errepide guztiz suntsituta daude».

Gogoratu dutenez, azken lanak amaitu zirenetik ia bi urte pasatu dira eta oraindik enpresak ez du eremua garbitu. Hori dela-eta, EH Bilduk Aramaioko alkate Lierni Altunaren eta Adif-eko arduradunen agerraldiak eskatu ditu.

Hala, Altuna ostiralean joango da Arabako Batzar Nagusietako Bide Azpiegitura eta Mugikortasun batzordera. Adif-ek, aldiz, ez dio erantzunik eman koalizioak egindako eskaerari.