Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Entrevue
KOLDO ALMANDOZ
ZINEMAGILEA

«Normalean filmetan ageri ez den jendeaz hitz egiten du filmak»

«Sipo Phantasma» (2016) lehen film luzearen ostean fikziora jauzi egin du «Oreina» proiektuarekin. Lan honen azken fasean murgilduta dabil Koldo Almandoz. Espazioak eta pertsonak ditu hizpide, inkomunikazioa, eta industriaren eta naturaren gertutasunaren gaineko hausnarketari ere irekitzen dio bidea zuzendari donostiarrak. Aurten ikusiko du argia Oria ibaiaren bazterrean filmatutako «Oreina»-k.

Orain artean estilo dokumental edota esperimentaletan ibili zara. Nolatan fikzioa?

Ez zait gustatzen nire buruarekin aspertzea, errepikatzen ibiltzea. Estilo baten bila ibili beharrean gauza ezberdinak egitea gustatzen zait, betiko formulak errepikatzen aspertu egiten naiz. Bertan hainbeste denbora eta energia inbertitu behar badut erronka moduko bat izatea behar izaten dut.

Zein da filmaren muina?

Batetik, ezagutzen nuen pertsona baten inguruan istorio bat kontatu zidaten eta, bestetik, pelikula gertatzen den Oria ibaiaren inguru horretan ikusi nuen etxe bat bitan banatuta bezala; etxe bera da, baina erdia zainduta eta margotua, eta beste erdia utzia. Eta pentsatu nuen: «Ze jende bizi da halako etxe batean? Ze gaizki moldatuko diren hauek». Eta hortik tiraka sortu da filma, baina gaur egun ez dauka zerikusirik hasierako ideia harekin.

Eta zertan bilakatu da filma?

Nik badut nolabaiteko sentsazioa hitz egiten duela normalean filmetan agertzen ez den jendeaz. Sarri-k bazuen zerbait idatzia fotograma baztertuen inguruan, eta, niri, iruditzen zait inguruneak badirela fotograma baztertuak. Pelikulak periferiaz hitz egiten du, Euskal Herrian oso konkretua eta zehatza den periferia batez, non hiri inguruneetatik oso gertu dauden industriaguneak, industriaguneetatik oso gertu nekazaritza guneak eta nekazaritza guneetatik oso gertu basoa edo bizitza basatia. Euskal Herrian, poligono baten aldamenean baserri bat ikus dezakezu eta, gauez handik pasatzen bazara, ikus ditzakezu basurdeak edota oreinak. Filmak geografia horietan mugitzen den jendeaz hitz egiten du. Ohituagoak gaude giro urbanoan edo nekazari giroan zentratzera, baina nik uste gure errealitatean nagusi bestelako giro hauek izaten direla.

Zein lirateke protagonistak?

Etxe berean bizi diren bi anaia, elkarri hitzik egiten ez diotenak, eta gazte bat. Gazte honekin hasten duten harremanak bi anaien sekretuak eztandaraziko ditu, zergatik moldatzen diren hain gaizki, isiltasuna, inkomunikazioa... Horiez gainera, badaude gasolindegian lan egiten duen neska bat, basozaina... pelikula koral samarra da.

Garbi zenuen ze antzezlerekin lan egin nahi zenuen edo egin duzu nolabaiteko casting-ik?

Ba batzuk bai eta beste batzuk ez hain argi. Pelikularen muina errealismoa jorratzea da, eta badaude aktore profesionalak, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Erika Olaizola eta Iraia Elias, baina protagonista nagusiaren papera egiten duena Laudad Ahmed Saleh da, sekula filmik egin ez duen gazte saharar bat.

Pelikularen izaera ere horretan oinarritzen da; bada fikzioa, baina errealitatera asko hurbildu nahi duen fikzioa da. Aktoreekin egin dugun lana, nola dagoen filmatua eta non... une oro saiatu gara errealitatea ahalik eta gutxien ukitzen. Gasolinera lokalizazioan zegoena da, taberna herri batean dago... Pelikula tokian bertan pentsatua dago.

Gipuzkoan filmatu duzue. Nondik nora ibili zarete?

Lasarte-Zubieta inguru horretatik Oriora doan Oria ibaiaren buelta horretan, paduran, Usurbil inguruan. Baina pelikulan ez da hori zehazten, izan zitekeen beste edozein inguru ere.

Hirurogei pertsonako lantaldea dago filmaren atzean. Inoiz aritu zara hainbeste jenderekin lanean?

Bai, baina film laburren batean izan da eta esperientzia zeharo ezberdina da, labur bat lau egunetan egiten duzulako eta honek asteak eskatu dituelako. Lau aste aritu gara ekipo nagusi batekin eta, gero, bestelako filmaketa delikatuagoak-edo egon dira, naturan egin ditugunak, eta hor ekipoa txikiagoa izan da.

Zer moduz filmaketa prozesua?

Ondo, tira, filmaketak beti izaten dira gorabeheratsuak. Niretzat oso garrantzitsua zen filmaketara guztia itxita nuela ez joatea, filmaketari ere uztea halako espazio bat, errealitateak eta bat-batean sortzen diren gauzek tokia izan zezaten pelikulan. Prozesuak zerbait gehitzea pelikulari, ez izatea besterik gabe gidoia hartu eta horren kopia egitea. Eta horrek ekartzen ditu sorpresa oso atseginak eta frustrazio txikiak, akaso zuk idatzia zenuena modu batean joango zela uste zenuelako eta gero filmaketa beste modu batera joan delako. Baina nik behar dut inseguritate hori edo gauzak gertatu daitezkeen sentsazioa izatea, ez zait gustatzen dena kontrolatuta eramatea.

Eta asko eraldatu da paper gainean zeneraman hori?

Ba, nahikotxo, bai [barreak].

Nahi baino gehiago edo zuk nahi zenuen neurrian?

E... Nik uste dut gauza hauek onerako izaten direla, pelikulak nolabait bere bidea egiten duelako. Gauza batzuetan jabetu naiz arazoa agian ez dela filmaketa izan, baizik eta nik idatzitakoak filmaketan ez badu funtzionatu agian izan dela gaizki idatzia zegoelako. Kasu askotan hori gertatu da. Eta, gero, prozesuan zehar agertu dira espazioak, istorio edo sekuentzia berriak... eta horiek prozesua entretenigarria egin dute.

«Oreina» izendatu duzu filma, animalia basati eta aldi berean zaurgarria. Zergatik?

[Arnasa hartzen du sakon] Hori jakiteko pelikula ikusi beharko da... Baina esango dizut izenburua hori dela baina izan zitekeela beste bat, baduela zuk aipatzen duzun hori guztia, eta horrek ere baduela zentzua pelikulan, baina, esan bezala, hain kutsu errealista izan nahi duen pelikula izanik, izenburua ere izan zitekeen besteren bat. Ezin dizut gehiago esan...

Pelikula ikustean hitz egingo dugu berriro orduan.

Hori da [barreak].

Muntaiarekin zabiltzate orain. Ze puntutan zaudete eta noiz aurreikusten duzue amaitzea?

Daukagun material andana hori ikusten gabiltza, badaukagu egitura moduko bat, ondo dago ordenatua... Badaukagu muntaketaren zirriborro bat, orain geratzen dena da zehaztapenak egitea, hemen kendu eta han jarri. Niri gustatuko litzaidake ez denbora gehiegi ematea honetan, gero soinuarekin hasteko, musikarekin, postprodukzioa... Egia da baita ere ez dakigula zinemaldiren batean hartuko ote duten, noiz estreinatu ahal izango dugun... Hori guztia airean dago oraindik. Argi dagoena da 2018an estreinatuko dela, baina ez dago hainbeste gure esku jakitea non eta nola izango den.

Musika erabakita duzue?

Ba ez dut batere garbi, egia esan... Musikarik gabeko pelikula bat izango zen hasieran, entzuten zen musika diegetikoa izango zen, pelikulan bertan pertsonaiek jartzen duten edo entzuten den musika. Baina oraindik ez dut garbi honekin zer egingo dudan.

Ze iraupen izango du?

Ordu eta erdi ingurukoa izan dadila nahi nuke, hori da nire asmoa. Badira pelikulak harago joan daitezkeenak, baina nik aspaldi badut sentsazioa zinemara joaten naizenean pelikulek gehiegi irauten dutena, eta ez litzaidake gustatuko ni errore horretan erortzea.

Zerbaiti egozten diozu iraupenak luzatu behar hori?

Ba, egia esan, ez dakit, baina film laburrekin ere gertatzen zait... Uste dut teknologia digitalak ahalbidetu duela asko filmatu ahal izatea, zeluloidearekin lan egiten genuenean kostua askoz handiagoa zen eta, beraz, kostua askoz gehiago neurtzen zen, baina gaur egun ia-ia limiterik gabe filmatzen dugu.

Eta ez dakit ote den gehiegi filmatzen dugulako edo, baina iruditzen zait normalean jendeak ez dakiela mozten. Nolabait, falta zaigula askotan autokritika egitea jakiteko zerk behar duen barruan eta zerk ez. Pena ematen digu guk egin dugun hori mozteak iruditzen zaigulako dena dela oso ona eta polita eta kosta egiten zaigu ezer kanpoan uztea, baina uste dut egin behar dela esfortzu moduko bat, garbitzekoa.

Zuri kostatzen zaizu garbiketa hori egitea?

Bai. Baina autokontzientzia eduki behar da, horrek horrela behar duela. Hor dago lanik zailena, eta ez bakarrik zinemagilearena, baita idazlearena, musikariarena, sortzailearena ere: jakitea nolabait renuntziak egiten. Zuk eduki dezakezu kristoren plano ederra baina pelikulari ezer ematen ez diona edo ateak itxi beharrean gehiago ireki eta ikuslea despistatzen duena eta, orduan, jakin behar da nahiz eta oso ederra izan irudi hori kanpoan uzten. Sorkuntzan jakin behar da lanaren osotasun baten mesedetan beste gauza batzuk sakrifikatzen, badakit zaila dela, askotan asmatzen da eta beste askotan ez, baina egin egin behar da.

Azkenean, nik beti pentsatzen dut ikusleak ikusiko duela zuk erakusten diozun pelikula, ez daki zer kendu duzun, ez du faltan botako existitzen dela ez dakien sekuentzia edo plano hori. Eta, pelikulak, bere osotasunean funtzionatu behar du.