Liderrak ikusteko aukera Mungiako hitzorduan

Bere urteroko bisita egingo du Binakako Txapelketak gaur arratsaldean Mungiako San Antontxu jaietara (17.00, ETB4 zuzenean). Eta ez da nolanahiko jaialdia izango, ligaxkako liderrak (Altuna III.a-Martija) bertatik bertara ikusteko aukera izango baitute mungiarrek Ezkurdia-Zabaletaren aurka.
Jokin Altunak eta Julen Martijak osatzen dutena lehiaketako bikoterik gazteena da, eta, hala ere, sailkapenaren buruan dira sei punturekin, Elezkano II.a eta Rezustarekin berdinduta. Maila aparta eman dute orain artean eta gaur irabazita jada sailkatuta leudekeela esan daiteke –zazpi garaipen eta tanteo ona sailkatzeko nahikoa izan dira ligaxka erabili den urte gehienetan–.
Justu kontrakoa esan liteke aurkarien inguruan. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak irabazi beharra daukate gaur, bestela hiru garaipenekin geratuko direlako bederatzi jardunaldi jokatuta, finalerdietara sailkatzeko mirari baten zain. Txapelketa txarra egiten ari dira bi nafarrak eta aurreko larunbatean ere 16-11 irabazten joan ostean 21-22 galdu zuten Labriten.
Kotetoren itzulera Galarretan
Galarretan ere bada jaialdia gaur, eta albiste nagusia Koteto Ezkurraren itzulera izango da. Masterreko partidak jokatzen ziren bitartean, Doneztebeko txapeldun handiak hamabi egun egin ditu zuriz jantzi gabe, eta gaur itzuliko da partida nagusia jokatzeko: Ionekin osatuko du bikotea Uterga eta Barrenetxea IV.aren aurka.
Ez da edonolako erronka izango pilotari beteranoarentzat. Uterga maila ederrean ari da azken asteetan, eta atzelari izango duen Endika Barrenetxea Buruz Buruko Masterreko finala jokatu berria da –Urriza handiaren aurka galdu egin zuen, baina lanak emanda–.
Euskal Herriko Pala Irekia
Oiartzungo Girizia elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekian izena emateko epea zabalik dago datorren urtarrilaren 28ra arte. Gizonezkoetan hiru maila egongo dira eta emakumezkoetan bi (gazteak eta helduak). Interesa dutenek 656711275 zenbakira dei dezakete edo e-mail bat bidali esait@euskalnet.net helbidera. Aurten ere Josetxo Gamioren oroimenez jokatuko da lehiaketa.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
