GARA
DONOSTIA

Musikastek emakume konpositoreei jarriko die fokua

Maiatzean egingo den Musikastek «emakumeak: ondare ezkutua» gaia izango du ardatz nagusi. Maiatzaren 18tik 26ra egingo da Errenterian Euskal Musikaren Astea. Bi kontzertutan emakume musikagileen lanak izango dira protagonistak, eta horietako batean iaz zendu zen Maria Luisa Ozaita musikagileari omenaldi berezia egingo zaio.

Emakumeek idatzitako lanak musikaren ezkutuko ondarearen zati dira eta aurtengo Musikastek foku berezia jarriko die. Bi kontzertu eskainiko zaizkie orain arte itzalpean egon diren emakume musikagileei eta haien lanak beste emanaldietako errepertorioan ere sartuko dira.

Maria Luisa Ozaita eta Emiliana Zubeldia dira emakume horietako bi. Azken hau «bere garaiari aurreratu» zitzaion emakumea izan zen, bere karreraren zati handia Mexikon garatu zuena.

Mojen konposizioak ere entzun ahal izango dira, hau da, komentuetan idatzi izan dituzten «pieza funtzional» eta orain arte ezezagunak.

«Musikasteren kartelak emakumeen presentzia nabarmena izango du. Maria Luisak berak deitu izan zidan inoiz, emakumeen lanik sartzen ez genuelako. Aurten, berarekin geneukan zor hori kitatu nahi izan dugu», esan zuen Jon Bagues Eresbileko zuzendariak.

Hain zuzen, Ozaitaren sorkuntza lanak eta bere funts dokumentala jaso ditu Eresbil musikaren euskal artxibategiak 2006tik hona bilduz eta antolatuz. «Iaz zendu zen. Bera Emakumeak Musikan Elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Bere funtsean emakume musikagile askoren lanak biltzen dira, eta ondare ezkutu honi zor zaion komunikazioa eta difusioa egin beharra dagoela iruditzen zaigu», nabarmendu zuen Baguesek atzo egindako agerraldian.

Emakume konpositoreen lana argitara ateraz aurten ospatzen den Ondarearen Europako Urtearekin bat egingo du Eresbilek.

Badu beste proiekturik esku artean. Arantzazuko monasterioak gordetzen duen musika funtsa Euskal Herri mailan garrantzitsuenetakoa da eta 2018an zehar Eresbilek antzinako musika artxiboaren online katalogoa ere egin nahi du. Bertan XVII, XVIII eta XIX. mendeetako milatik gora sorkuntza lan daude: 1835ean monasterioa erre aurretik frantziskotarrek abesten zituzten obrak ere badaude. Partitura hauek katalogatu ostean nazioarteko RISM ekimenarekin bat egingo dute eta bertako katalogora esteka zuzena izango dute.

«Hasiera batean Pablo Sorozabali buruzko web orria iaz kaleratzeko asmoa bagenuen ere, azkenean aurten argitaratuko da, bere heriotzaren hogeita hamar urte betetzen direnean», adierazi zuen. Atzoko prentsaurrekoan Musikaren Euskal Artxiboaren zuzendariak emandako datuei dagokienez, 2017an inbentariatutako dokumentuak 252.921 izan ziren: 111.861 ikus-entzunezko dokumentuak, 94.073 partiturak, 20.578 liburutegiko dokumentuak (liburuak, aldizkariak eta abar) eta beste hainbat motatako 26.409 dokumentu (gutunak, argazkiak, programak, txostenak...).

Euskal autore eta musikarekin zerikusia duten partituren kopurua, berriz, 33.953ra iritsi zen. Eta 2017an bost funts berri sartu ziren Eresbilera, eta aurretik zeuden zenbait funtsetako material berriak iritsi ziren.

Eresbilen webguneak 425.780 bisitari jaso zituen iaz. Bisitariak 50 herrialdetakoak izan ziren eta lau gune geografiko garrantzitsu azpimarra daitezke: Ameriketako Estatu Batuak (bisitarien %25,17), Britainia Handia (%20,47), Estatu espainola (%11,39) eta Italia (%7,02).

Hainbat elkartetako kide da Eresbil, eta urtean zehar hainbat jardunaldi eta kongresutan parte hartzen du. Martxoan Donostian egingo diren Aedom elkartearen jardunaldietan parte hartuko du, eta uztailean Leipzig-en egingo den Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearen kongresuan.