Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Eskubaloia

Beharrizana eta ilusioa lehiatuko dira euskal derbian

Hitzordua 21.00etan abiatuko da Donostiako Jose Antonio Gaska kiroldegian. Zuzenean ikusteko modu bakarra bertaratzea izango da, Teledeportek aurrez grabatuta emango baitu, 23.15ean.

Inoizko euskal derbirik parekatuena izateko osagai guztiak ditu gaur 21.00etan Gaska kiroldegiak hartuko duen neurketak. Izan ere, puntuetan inoiz baino tarte txikiagoa dago bien artean (5 puntu) eta abenduan Zuazok, aurrenekoz, kutsu ofiziala zuen neurketa batean garaitu zuenBera Bera, Euskal Kopako finalean, hain justu.

Donostiarrek ezinbestean irabazteko beharrizana dute, ligako garaikurraren borroka estuan jarraitzeko. Liderra, Rocasa kanariarra, bi puntura dago, urtarrileko aurreneko neurketan Guardesen aurka galdu ostean. Hala, galiziarrek beraiek eta Pucheren taldeak lau puntuko aldea erdira murriztu zuten. Horregatik, hain zuzen, Bera Berak ligako neurketa guztiak irabazi behar ditu txapeldun izendatzeko, eta Menendez kapitainak esan duenez, «oso motibatuta» daude. Elxen nahi baino gehiago sufrituta, Canyamelar Valentziarekin berrabiarazitako garaipenaren bideari jarraipena eman zioten, 21 gol sartuz eta 18 jasoz.

Beste aldean Zuazo egongo da. Bost hilabete lehenago, abuztuan gipuzkoarren aurka jokatutako lagunartekoan, zeresana emango zuela argi azaldu zuen, azkenean 24-26 galdu arren.

Urri bukaeran eta azaro hasieran izandako makalaldiari buelta eman diote bizkaitarrek, azken hiru partidetan bi garaipen eta berdinketa bat lortuz. Puntu horixe bera izan da, Gijoneko Mavi Tecnologiasen etxean, amaitzear dagoen lehen itzulian Zuazok bera baino gorago sailkatuta dauden taldeen aurka batu duen bakarra, eta gaur hobetu dezake estatistika. Rocasa, Atletico Guardes eta Aula Valladoliden aurka galtzeaz gain, etxean Malagaren aurka jasotako porrotarekin eman zuten atzerapausoa.

Euskal Kopa

Neguko atsedena bientzat onuragarria izan da; hala adierazi zuten Alba Menendezek zein Patri Elorzak. Donostiarrak defentsa lanak sendotzen aritu dira, denbora luzez lesionatutako jokalarien osatzearekin loturik; barakaldarrek, berriz, indarberritzeko aprobetxatu dute.

Atsedenaldi horretan, aldiz, aurrez aurre lehiatzeko aukera ere izan zuten, gaurko norgehiagokara begira indarrak neurtzeko. Eta neurtze horretan Zuazo gailendu zen, aurrez neurketa hobeto interpretatu zutelako eta indartsuago atera zirelako beren lehenengoa izango zen Euskal Kopa irabazteko.

Ordura arte, 2017ko abenduaren 16ra arte, norgehiagoka guztiak Bera Beraren aldeko markagailuarekin bukatu ziren, izan liga, izan 2016ko Kopako finala eta Superkopa. Patri Elorzak baieztatu legez, ordea, azken urteetan prestigioa irabazi du euskal eskubaloi derbi honek; izan ere, iaz atzean utzi zituzten 2008, 2013, 2014 eta 2015eko alde nabarmenak, baita Kopan Bera Berak erakutsitako nagusitasuna ere –16 goleko aldeaz nagusituz (33-17)–.

Golak gora, golak behera, portzentaje nahiko berdintsuak dituzte biek. Zuazok, partidako 28 gol egiten ditu eta Bera Berak, 30 –Lujan goleatzaile nagusia batean (57), bestean Arderius (61)–. Jasotzeko orduan, ordea, Bera Bera sendoagoa da, 22 golekin, Zuazoren 27en alboan.

Ezagunak

Zaila da derbien berezitasuna hitz soilez azaltzea eta, are zailagoa, bi taldeetako jokalariak elkarren hain ezagunak direnean: Bera Berako jokalarien artean Merche Castellanos dago, aurten Donostiara joan aurretik, azken bi denboraldietan Zuazoren elastikoa jantzi duen atezaina. Eta atean jarraituz, bizkaitarrena defendatzen Ana Temprano izango da, 2013tik 2017ra bitartean Bera Beran jokatutakoa. Alboko jokalari gisa, berriz, Elorza egongo da, Donostian bost denboralditan aritutakoa –hiru etapa ezberdinetan–.