Amalur ARTOLA
ASTEASU

Lau ibilbide berri, Muskerraren Bidea naturaz eta kultur ondarez hornitzeko

Bernardo Atxagaren unibertso literarioan Asteasuk duen pisua nabarmentzeko eta literaturazaleei proposamen berriak eskaintzeko osatu zuten, orain hiru urte, Muskerraren Bidea. Ibilbide urbanoan zehar idazle asteasuarrak eleberrietara eraman dituen paisaia hiritarrak dira protagonista eta, orain, inguruneko natura eta kultur ondarearen balioa nabarmentzeko lau ibilbide gehitu zaizkio proiektuari: Usarrabi, Erreka bailara, Santamaña eta Olazar.

Bere sorlekua, Asteasu, izan zuen inspirazio iturri Bernardo Atxagak bere eleberrietarako paisaiak egituratzeko orduan eta, orain hiru urte, Muskerraren Bideak eman zien irakurleei paperaren bidez jaso zituzten ingurune horietan barneratzeko aukera. Ibilbide urbanoa, literaturazalea herriaren barnetik gidatzen duena da orduan diseinatu zutena eta, orain, unean heldu ezin izan zioten proiektua abiarazi du Asteasuko Udalak, Tolosaldean Garapen Agentziarekin elkarlanean eta Gasteizko Gobernuaren laguntzaz: literaturazaleak hirigunetik atera eta Aiztondo bailarako natura eta kultur ondarea ezagutzeko aukera emango dien lau ibilbide berri gehitu dizkiote Muskerraren Bideari.

«Atxagaren mundu literarioa Asteasuko parajeek inspiratu zuten, eta horregatik ibilbide urbano bat osatu genuen, non literatura den protagonista. Baina Asteasuko lurrek ere inspiratu zuten Atxaga, eta horregatik ekarri ditugu lau ibilbide berriok», zehaztu zuen herriko alkate Pili Legarrak.

Zura komunikazio eta diseinu enpresak garatutako ideia da Asteasu Bide Berria izena daraman proposamen berri hau eta, proiektuaren koordinatzaile Gari Otamendik azaldu zuenez, ibilbide bakoitza gai baten inguruan osatu dute.

Hala, mendia du protagonista “Usarrabi bira”-k eta hau da ibilbide luzeena eta «mendizaleenei» bideratua: Hernio mendia Zelatundik inguratzen duen 16 kilometroko bide zirkularra da. “Erreka bailara” izenekoak uraren baitan sortutako ofizioak eta eraikinak ditu oinarri, errotak eta zuraren lanketa bereziki. «Ibilbide polita da, hemengo etxaldean doana eta aldapa puntu bat ere baduena», zehaztu zuen Otamendik. Hirugarrenari “Santamaña” jarri diote izena eta «Asteasuren historia udalerriaren sorrera bera baino zaharragoa» dela erakusten du. «Egun errepideek modelatzen dute gure garraio eredua, baina aurretik mendi bideak zeuden», ekarri zuen gogora Otamendik, eta txangoa ibilbideari izena ematen dion Santamaña ermitan amaitzen dela zehaztu zuen, hain justu «tenplarioek egindako ermita bat», igoerako bide eta panoramika «oso ederrak» dituena. Laugarren eta azken bidea Larraulgo Udalarekin elkarlanean osatu dute. “Olazar” izenez, bi herrien arteko lotura egiten duen txangoa da.

Bere aldetik, proiektuaren alderdi teknikoa landu duen Julen Larruskainek nabarmendu zuen proposamen berri hauek Muskerraren Bidearen «hedapen» gisa hartzen dituztela eta, familiartean egiteko aproposak izateaz gain, naturaguneetan barneratzeko parada ere eskaintzen dutela. Zentzu horretan, Mendi Federazioarekin batera lehendik zeuden zenbait bide berreskuratu dituztela eta horietako hiruk seinaleztapen homologatua dutela nabarmendu zuen. Ibilbide laburrena, “Erreka bailara” (3 kilometro) ordu eta erdian egiteko modukoa da eta luzeena, Zelatun inguratzen duena (16 km), lauzpabost orduan egiteko modukoa dela ziurtatu zuen.

Sarrera panelak eta balizak atontzeaz gainera, Muskerraren Bidearen berri eman eta ibilbideen xehetasunak eta irisbideak markatzen dituen paperezko gida ere argitaratu dute.

«Literaturazale asko inguratzen da bide hau egitera eta, orain, egun-pasa egiteko beste aukera bat izango dute», amaitu zuen Legarrak.