Irudi lauso bat oinarri hartuta...inoiz hartu den olatu handiena?
Urtarrilaren 17 eta 18an Portugalgo kostaldea kolpatu zuen itsaskia historikotzat jo dute adituek. Komunikabideek berriz, Hugo Bau portugaldarrak inoiz inork hartu duen olaturik handiena hartu zuela diote. Baieztapen horrek ez du oinarri sendorik, ordea.

Mundu osoko hedabideek zabaldu dute berria, «Hugo Bau portugaldarrak orain arteko olaturik handiena hartu du Nazaren». Albiste hori egiaztatzeko elementurik ez dago ordea, bi arrazoi nagusigatik, batetik, halako baieztapen bat egiteko zilegitasuna duten bi erakunde nagusiek (Munduko Guinness errekorren erakundea eta XXL Awards izendapenak) oraindik ez dutelako ezer esan, eta bestetik, halako adierazpenak egiteko oinarri hartu duten argazkian deus ikusten ez delako.
Urtarrilaren 17 eta 18an izan zen itsaski erraldoiak irudi beldurgarriak utzi zituen eta Nazaren itsasoratu ziren surflarien balentriak zeresana eman zuen. Aitzitik, egun haietan gertatutakoaren protagonismo guztia olatu bakar batek eskuratu du, eta paradoxikoki, hainbeste irudiren artean, informazio gutxien eskaintzen duen olatu bakar baten irudiak jaso du atentzio gehien.
Nola neurtu olatuen altuera?
Olatu baten altuera zehatz neurtzea ia ezinezkoa da, eta olatua erraldoia bada, are eta zailagoa bilakatzen da neurketa lana. Zenbat eta handiagoa izan olatu bat, berau neurtzerako zailtasunak ere orduan eta handiagoak bilakatzen dira.
Ez dago olatu baten tamaina jakiteko neurgailu zientifikorik; beraz, olatuaren altuera neurtzeko olatuaz aparteko erreferentziak behar izaten dira. Surflarien kasuan, erreferentzia nagusia surflaria izaten da, baina badira kontuan hartu beharreko beste osagaiak. Argazki edo bideo irudi bat hartzeko erabili den angelua, distantzia, surflariaren posizioa, bere altuera, eta antzeko erreferentziak hartzen dira, baina hala ere, oso zaila da zenbaki zehatz bat eskaintzea.
Olatu batek duen altuera esateko zilegitasun gehien duten erakundeak XXL Awards izendapenak antolatzen dituen aditu taldea eta Guinness errekorren ikerketa taldea dira. Bi erakunde hauen arabera, orain artean inoiz hartu den olaturik handiena Garrett McNamara hawaiiarrak hartu zuen 2011ko azaroaren 9an Nazaren eta 78 oineko altuera izan zuen (23’7 metro).
Itsaski historikoa
Azken asteetan asko izan dira Ozeano Atlantikoan sortu diren itsaski bortitzak, ondorioz olatu handien maitaleek Europako kostaldea kolpatu duten olatuekin gozatu ahal izan dute. Hots, ikusgarriak izan dira han eta hemen bildu diren irudiak.
Arreta gehien jaso duten irudiak Nazare urautsian jasotakoak izan dira. Izan ere, Portugalgo eremu horretan itsas azpian dagoen kanoi moduko faila batek olatuak ohikoa baino gehiago altxatzea ahalbideratzen du, eta zalantzarik gabe, munduko olatu handienetakoak jasotzen diren lekuetako bat da.
Urtarrilaren 17 eta 18 bitartean izan zen itsaskia historikotzat jo dute askok; izan ere, itsaskiak zinez handiak direnean bakarrik lehertzen diren urautsiak esnatu zituen itsaskia izan zen. Nazaren, adibidez, urtarrilaren 17ko arratsaldean itsasoratu ziren surflariek egin zuten saioa ez da errepikatzen batere erraza izango.
Egun hartan itsaskia handia zen goizean, baina orduak aurrera egin ahala olatuen altuera handituz zihoan eta baita olatuen arteko denbora tartea ere (kontuan hartu beharreko osagaia olatu handiak hartzeko), baina aldi berean, haizea harrotzen ari zen eta ufadak gero eta indartsuagoak ziren; hortaz, olatu erraldoiak hartzeko zailtasuna oso handia zen.
Arratsaldean, baldintzak ez ziren batere egokiak, baina itsasoratzeko hautua egin zuten zenbait surflarik, konturatu baitziren haize asko izan arren surf egiteko aukerak bazirela, serieko lehen olatua haizeak lakartzen zuen arren, bigarrena nahiko garbi lehertzen zelako.
Big Mama
Itsasoratu ziren surflariek surf egiteko hautatu zuten eremua ordea, ez zen ohikoa izan, itsaskiak oso handiak direnean soilik lehertzen den urautsira abiatu ziren, eta han hartu zituzten bideo eta argazkietan ikusi ahal izan diren olatu erraldoiak.
Normalean Nazaren hartzen diren irudiak lurmuturrean den itsasargitik gertu hartzen dira, «Kanoiko olatuan», baina egun hartan askoz ere urrunago joan ziren, itsaso zabalean kostatik ia bi kilometrora jasotzen den olatu batera eta «Big Mama» izenarekin bataiatu zuten.
Urtarrilaren 17ko gauean izan zuen puntu gorena itsaski erraldoiak eta biharamunean olatuen altuerak beheranzko joera hartu bazuen ere, oraindik itzelezkoak ziren. Baldintza zailak ziren urtarrilaren 18ko goizean ere, eta gutxi izan ziren ganoranzko zerbait egiteko gai izan ziren surflariak. Muniain izan zen olatu eder bat hartzeko gai izan zen gutxi horietako bat.
Ez ziren asko izan egun haietan olatuak hartzen ausartu ziren bikoteak (surflaria eta berau olatura garraiatzen duen uretako moto gidaria), baina haien artean aurkitzen zen iaz leku berean bizia galtzeko zorian izan zen Axi Muniain zarauztarra. Beste surflariak honako hauek izan ziren Maya Gabeira, Ross Clarke-Jones, Justine Dupont, Benjamin Sanchiz, Sebastian Steudner eta Hugo Bau. Azken honek hartu zuen komunikabide batzuen arabera, inongo bermerik gabe, orain arteko olaturik handiena izan dela diotena.
Alex Botelho brasildarra izan zuen moto gidari Hugo Bauk eta hain famatua egin den olatua arratsaldeko azken orduan hartu zuen, lau eta erdiak aldera; izan ere, surflariek gaua egin aitzin porturatzeko agindua dute, zeren ilunabarra baino ordu bat lehenago lehorreratzen ez badira isuna jasotzeko arriskua dute.
Aipagarria da surflari horien artean bi neska egotea, zeren eta orain gutxi arte olatu handien munduan gizonezkoak soilik ikus zitezkeen. Bata, Justine Dupont frantsesa izan zen, eta ez zuen olatua puntu gorenean hartu, baina urautsian egon eta saiatze hutsak aipamen bat merezi du.
Bestea Maya Gabeira izan zen, 2013ko urrian Nazareko olatuan istripu larri bat izan zuen 29 urteko surflari brasildarra. Orduko hartan kordea galduta atera zuten uretatik eta ospitalean egin zituen zenbait egun, baina ez dirudi atzera egitekoa denik, urtarrilaren 17an Nazaren hartu zuten olatu handienetako bat berak hartu baitzuen.
Axi Muniain: 16 XXL izendapen
Minutu gutxi batzuk gora edo behera, gaua erori aitzin sekulako olatutzarra hartu zuen beste surflarietako bat Axi Munian izan zen. Sebastian Steudner alemaniarrarekin batera itsasoratu zen zarauztarra eta txandaka aritu ziren olatuak hartzen. Steudner ezagun egin zen 2010. urtean Hawaiiko Pe’ahi urautsian hartutako olatu bati esker urteko «XXL olatu handienaren saria» irabazi zuelako.
Muniainek egun haietan hartu zituen zenbait olatu ere esanguratsuak dira, XXL izendapenen artean egongo baitira. Olatu handien irudiak izendatzeko epea oraindik amaitu ez den arren, jada 16 izendapen jaso ditu zarauztarrak aurtengo XXL izendapenetarako, beraz kategoriaren batean finalera iristeko aukera izan dezake. Lehen saria eskuratzea zailagoa izango da, baina aukera zabalik da.
Olatu handienaren kategorian jaso ditu izendapen gehienak, guztira 11 izendapen. Urteko olatu handietako surflari onenaren kategorian ostera, beste bi izendapen jaso ditu. Eta arraun eginda hartutako olatuaren kategorian berriz, hiru izendapen lortu ditu zarauztarrak.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
