Azurmendi: «Estatuak askotan gezurrak asmatuz asmatzen du bere burua»
Estaturik gabeko nazioak zalantzan jartzen dituzten gogoeta ildoak ditu aztergai Joxe Azurmendik Elkar argitaletxearekin kaleratu berri duen «Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk» alean. Mitoak, mestizajea eta unibertsaltasuna ditu helduleku, besteak beste, liburuan biltzen diren lau saio laburretan. Azken urteetan idatzitako lanak dira horiek, hari berberaren gainean doazen pentsamenduzko gogoetak orain bilduma bakarrean bilduak.

Joxe Azurmendik (Zegama, 1941) azken urteetan idatzitako saio laburren lau liburu bakarrean bildu ditu orain. “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk” (Elkar) izenburupean, Estaturik gabeko nazioak kuestionatzen dituzten gogoeta ildoei buruz jarduten da bertan. Lau lan laburrek osatzen dute bilduma, eta guztiak aurretiaz argitaratuak izan dira: hitzaurreen bilduma moduko bat dela esan daiteke. Lehenengotik hasita, “Mestizajea, multikulturalismoa”, Ignazio Aiestaranen “Munstro abertzalea” (Elkar, 2003) poema liburuaren epilogoa izan zen. “Juduaren ispiluan euskaldun bat ikusten da” saioa Mitxelko Urangak idatzitako “Espektroak. Gutuna euskalduntasunari” (Utriusque Vasconiae, 2011) saiakeraren hitzaurrea izan zen. Hirugarren atala, “Historia ez da ikusten, asmatu egiten da”, omenaldi liburu kolektibo baterako idatzi zuen Azurmendik: “Gogoz, hitzez eta egitez. Pello Huiziri eskainitako lanak (EHU, 2011).
Laugarrena, “Espainola izateaz”, Jose Mari Esparzaren “100 razones por las que dejé de ser español” (Txalaparta, 2012) liburuko hitzaurre izateko idatzi zuen. «Lau orrialde idatzi nituen, liburuan gehiago izango zirenak, eta azkenean ez zen argitaratu, gallego bati eta katalan bati ere eskatu baitzizkien hitzaurreak eta luzeegia zen». Azkenean, Azurmendik berak idatzitako “Espainiaren arimaz” saiakeraren atarian argitaratu zen (Elkar, 2006).
Euskal Herrian gertatzen diren eztabaidetatik sortutako lanak direla defendatu zuen atzo Azurmendik. «Eztabaida boladak izaten dira, ondarroarrez idaztearena orain, adibidez, eta hamabost egunetan desagertu egiten da. Euskal Herrian eztabaidan egon diren arazoak aipatzen dira behin eta berriro». Eztabaida horien atzean dago estaturik ez duten nazioen abertzaletasuna zalantzan jartzen duten modei buruzko gogoeta.
Eta hainbat heldulekuri eutsi die gogoetak zabaltzeko. Mitoa da horietako bat. «Esaten da nazioak mitoen inguruan bizi garela. Baina edozein estaturen sorreran dago beti mito bat». Asterix eta Obelix adibide. «Nazionalismo frantsesaren apologia dira, nazionalismoaren irudi perfektua. Arraza galiarraren bertute eta dohain guztiak azaleratzen dituzte. Beti dira irabazleak, eta beti dira besteak beraiei erasotzen dietenak, nahiz eta hori ez den egia. Baina hori ez dago herrien memorian. Non dago Espainiaren edo Frantziaren sorrera? Inoiz ez dira hasi (sortu). Horiek denak asmazioak dira. Estatuak askotan gezurrak asmatuz asmatzen du bere burua».
Mestizajeari ere heldu dio Azurmendik. «Gure probintzianismoa gainditu behar dugula, ez dugula gure euskalduntasunean itxi behar». Baina, dioenez, ez dago euskaldunik mestizajearen aurka; «herri txikia gara eta kanpoan bilatu behar dugu zer entzun, zer irakurri. Baina mestizajea ez dadila beti berdina izan», aldarrikatu zuen. «Handiak ez dira mestizatzen eta txikiari eskatzen zaio mestizatzea. Arrain handiak txikia jatea bezala da».
Bi Mundu Gerren arteko garaira jo du une batez. Antillako idazle beltzak Parisen beren lanekin arrakasta lortzen. Négritude. «Afrikako basalurretatik atera eta Parisera doaz, kultura frantsesarekin mestizatzera». Unamunoren antzera, «Bizkaitik Espainia aldera, euskal mundu itxitik unibertsora». Bigarren Mundu Gerra iritsitakoan, Alemanek Estatu frantsesa okupatua zutela, «frantses beltzak ekarri zituzten Frantzia salbatzera. Behin lortuta, desfile militarrak egin ziren eta han ez zegoen beltzik, ezta esker onik haientzat ere». Desengainua. Négritude mugimendua antifrantsesa bihurtu zen.
Juduak eta euskaldunak ere parean jarri ditu Azurmendik “Juduaren ispiluan euskaldun bat ikusten da” saioan. Judutasunetik ihes egin duten bi mota aurkezten ditu, euskaldunekin alderagarriak. Elkano, Urdaneta eta Okendoren irudiak aipatu ditu. «Euskaldun unibertsalak ziren, baina euskaldunen alde ezer gutxi egin zuten. Eta gu geu haien euskalduntasunagatik harrotzen gara». Benjamin Disraeli idazle eta politikari britainiarra ekarri du. «Judua zen eta harrotasunez esaten zuen, baina Londresko judu txiroei laguntzeko ez zuen inoiz astirik izaten».
Bigarren motan kokatu du Karl Marx, «autogorroto juduaren eredua. Lotsatu egiten zen judutasunaz, berak unibertsala izan nahi zuen, beste ezer. Estatuaren aurrean indibiduoa besterik ez dago, ez dago komunitaterik». Antzekotasunak ikusten ditu euskaldunen artean. Adibidez, euskararen eskubiderik eza. «Dago Konstituzioa eta hiritarra. Eta hiritarra berdina da Hondarribian edo Ayamonten. Horrela begiratuta, ez litzateke inoiz Holokaustorik gertatu. Bakarkakoak hil zituzten, ez komunitaterik».

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
