Nanga Parbateko argi-ilunen korapiloak askatzen hasi dira
Elisabeth Revol frantziarrak hedabideoi bidalitako idatzian adierazi du urtarrilaren 25ean, Tomek Mackiewciz-ekin, gailurra zapaldu zuela. Bide batez, poloniarra ez erreskatatzeko erabakiarekin sumindura erakutsi du.
Urtarrilaren amaieran aipatu genizuen Nanga Parbaten neguan jardun zuten Tomek Mackiewicz poloniarraren eta Elisabeth Revol frantziarraren espedizioak emaitza oso txarra izan zuela; betiere, bizitzaren eta osasunaren ikuspuntutik begiratuta. Izan ere, Mackiewicz betiko geratu da zortzimilakoaren magaletan, eta Revolek izozte larriak izan zituen.
Aipatu genuen ere behin betiko saioan gertatutakoaren gainean argibiderik ez zegoela, eta, hortaz, espekulazioa baztertuko genuela. Orain, berriz, espedizio horretan izan diren argi-ilunak azaleratu egin dira. Bueno, hobeto esanda, bizirik atera den Revolek horien berri eman du.
Kronika hartan soilik esan genuen K2n neguan saiatzen ari den espedizio poloniarreko bi kidek, Adam Bielecki eta Denis Urubkok, frantziarra erreskatatu eta kanpaleku nagusira onik eraman zutela. Poloniarraren erreskatearen inguruan, berriz, gehitu genuen ezinezkoa izan zela.
Orain, erietxetik, Revolek hainbat azalpen eskaini ditu. Lehenik eta behin, onartu du Nanga Parbateko gailurra zapaldu zutela: «Urtarrilaren 25ean ‘E eguna’ izan zen. Tontorra lortzeko leiho txiki bat iragarri ziguten, eta hura aprobetxatzera abiatu ginen. Tomek eta biok oso ondo sentitzen ginen. Mendiaren azken zatian geunden, gailurretik oso gertu, baina hura zapaltzeko zalantzak sortu zitzaizkigun; izan ere, arratsaldeko bostak eta laurdenak ziren. Aurrera jarraitu eta 45 minutu beranduago, seiak inguruan, Nanga Parbaten tontorra jo genuen».
Irakurtzen den bezala, bi alpinistok gailurra oso berandu egin zuten; negua izanik, oso-oso berandu. Han zirela, frantziarraren hitzetan, Mackiewiczek onartu zion arazoak zituela: «Tomekek esan zidan ez zuela deus ere ikusten. Nik ez bezala, aurpegia babesteko ez zuen maskararik erabili. Eta gauerako oftalmia areagotu zitzaion. Tontorrean segundo bat bera ere igaro gabe, behealdera ihes egitea erabaki genuen. Gaua zen. Aurretik genuen sekzioa nahiko konplikatua zen, eta Tomeki lagundu nion zati hori jaisten. Une jakin batean, ezin zuen arnasa hartu. Ahoa babesteko zeraman zapia kendu eta izozten hasi zen. Bere sudurra zuritu zen, ondoren eskuak, oinak… Haizeteetatik babesteko, artesi batean (7.200 m) sartu ginen. Tomekek ez zuen indarrik kanpalekura heltzeko. Eguna argitzen hasi zenean, ahotik odola zerion. Ziur aski edema batek jota zegoen».
Revolek adierazi du segituan muturreko egoera horren berri ematen hasi zela: «Mundu guztia abisatu nuen, besteak beste, Tomekek bere kabuz ezin zuelako jaitsi. Erreskatea eskatu nuen, eta adierazi zidaten: ‘6.000 metrora jaisten bazara, erreskatatuko zaitugu. Eta, ondoren, Tomeken bila joango gara’. Eta horrela egin zen. Ez zen nire erabakia izan, baizik eta inposatutakoa. Gauzak horrela, nire kideari esan nion arratsalde horretan helikopteroa bere bila etorriko zela. Bere kokapenaren berri GPSaren bidez eman nuen, Tomek ahalik eta ondoen babestu eta jaisten hasi nintzen. Gainean ez nuen ezer eraman: ez dendarik, ez lo-zakurik… ezer ez. Besteak beste, helikopteroa arratsalde horretan helduko zelako. Baina ez zen iritsi».
Poloniarra 7.200 metrora geratu zen, baina frantziarra gai izan zen 400 metro jaisteko. Berriro ere gaua egin eta bigarren gaua estalperik gabe egin zuen: «Zulo batean babestu nintzen. Banekien onik irtengo nintzela. Hotzak nengoen, baina ez erabat etsita. Tomekekin arduratua nengoen, oso-oso ahul zegoelako. Haluzinazioa izan nuen: te beroa ekarri zidaten, eta, esker onez, zapata bat eman behar nien. Zapata kendu eta hura gabe bost ordu egin nituen. Behatzak izoztu zitzaizkidan».
Biharamunean, helikopteroaren zain zela, Revolek erabaki zuen zulo horretan jarraitzea: «Beroa mantendu behar nuen. Bat-batean, helikopteroa entzun nuen. Baina beranduegi zen, eta haizea altxatu zen. Orduan, ohartu nintzen ezin izango zutela niregana heldu. Aterperik gabe hirugarren gaua igarotzea baztertu eta jaitsierari ekin nion; biziraupen kontu bat izan zen. Gainera, erreskatearen berri emanez bidali behar zidaten mezua ez nuen jaso. Gau horretako hainbat oroitzapen ditut: lasaitasuna, esku-larru hezeak, hotz gordina eta mina. Goizeko 3:30ean bigarren kanpalekura (6.200 m) heldu nintzen. Bi kopetako argi ikusi nituen. Oihu egin nuen, eta neure buruari esan nion hori ona zela. Denbora tarte txiki batera, Denis eta Adam heldu ziren; emozio ikaragarria izan zen».
Amaitzeko, Revolek sumindura erakutsi du pakistandarrek erreskatean izan zuten jarrerarekin: «Oso-oso motelak izan ziren. Eta zehatzagoak, burutsuagoak eta antolatuagoak izan balira, Tomek agian bizirik egongo litzateke. Pakistandarrek esan zuten 7.000 metrora ezin zutela lur hartu, eta ez dut uste hori egia biribila denik. Horretaz gain, helikopteroa erabiltzearen prezioaren inguruan maltzur jokatu dute; izan ere, eskatzen zuten hasierako 15.000 dolarrak 40.000ra pasa ziren».
Bigarrena
Oro har, horixe da Revolek hedabideoi kontatu diguna. Frantziarra bere izozteetatik sendatzen ari den bitartean, poloniarra Nanga Parbaten betiko geratu da. Espedizioaren lerroburu bat da, baina, hala ere, uste dugu alde "baikorra" azpimarratzeak merezi duela. Bai, urtarrilaren 25ean, sokada horrek Nanga Parbaten gailurra erdietsi zuen; neguan zortzimilako horretan egin den bigarrena. Gogora dezagun, duela bi denboraldi, lehena Simone Moro, Ali Sapdara eta Alex Txikonek sinatu zutela.
Azpimarratu behar da Mackiewiczek zazpi espedizio behar izan dituela “sari” hori lortzeko; eta poloniarrak eta frantziarrak elkarrekin hiru egin dituzte. Txikon eta enparauek ez bezala, aurreratu behar dugu lerrootako protagonistek "Messner-Eisendle" bezala ezaguna den bidea amaitzeko aukera izan dutela. Hau da, 2000an marra hori sortzen hasi zirenak 7.500 metrora geratu ziren; poloniarrak eta frantziarrak, beraz, hura igo eta tontorrarekin lotu zuten.
Bada kontuan hartzeko beste eite bat. Nahiz eta alpinistok igotako bidea ondo baino hobeto ezagutzen zuten, aipatu behar da estilo oso ona erabili zutela. Era arinean igo ziren, oxigeno artifizialik erabili gabe eta garaieran lan egiten duten xerpen laguntzarik gabe.
Beste datu bat: zortzimilako bat neguan igo duen bigarren emakumea da Revol. Haren aurretik, Marianne Chapuisat suitzarrak soilik erdiets i zuen emaitza hori: 1993. urteko otsailaren 10ean (duela 25 urte) Cho Oyu igo zuen.
Nanga Parbat neguan igo badu ere, esan behar dugu alpinista frantziarrak zortzimilakoak eskalatzen dituztenen artean izena baduela. Duela hamar urte hasi zen mendi erraldoi horiek igotzen. Orriotan eginiko elkarrizketa batean, aipatu zigun 16 eguneko jardunetan Karakorumen dauden Broad Peak, G-II eta G-I era arinean eskalatu zituela. Oso eraginkorra izan zen, eta argi utzi zigun zortzimilakoen munduan buru-belarri sartuko zela.
Hurrengo urtean, Annapurnan britainiarren bidetik saiatu zen. Jaitsieran Martin Minarik kidea zendu zen. Ondoren, hiru urteko "atsedena" hartu zuen, eta 2002-2003 denboraldian, Nanga Parbateko lehen saioarekin, neguko espedizioen pasioa piztu zitzaion. Ekinaldi horien berri behin baino gehiagotan eman dugu. Iazko udaberrian, bestalde, hiru zortzimilakotan egon zen. Oso gutxigatik bada ere, soilik 40 metro, ez zuen Makaluren tontorra zapaltzeko aukerarik izan. Lhotsekoa, berriz, bai. Bere laugarren zortzimilakoa zen. Eta Everesten ere saiatu zen, baina 8.500 metrora atzera egin zuen. Eta beti estilo bikaina erabiliz.
Eztabaida
Mackiewicz, berriz, Nanga Parbat neguan igotzearekin obsesionatu zen: bere helburua lortu zuen, baina, esan dugun bezala, zortzimilakoaren magalean betiko geratu da. Lasai asko baiezta daiteke, Nanga Parbatekin obsesionatu zela; denera, zazpi negu han igaro zituen.
Baina argi-ilun guztien korapiloak askatzen ari zirela, beste bat piztu da: Mackiewicz-en erreskatea bertan behera uztearena, alegia. Horrek, batez ere Polonian, eztabaida handia sortu du. Erabaki horren aurrean, K2 mendian dagoen espedizio poloniarraren sendagile zein aholkulari Robert Szymczak-ek txostena kaleratu berri du.
Lehenik eta behin azalpen orokor bat eman du: «Erreskaterako gure asmo nagusia zen helikopteroak gure kideak 6.500 metrora utzi behar zituela. Baina hori ezinezkoa izan zen. Alabaina, kota horretan lur hartzeko aukera izan balu, Elisabeth Revol erreskatatzeko arazorik ez zen egongo. Bai, ordea, Tomek Mackiewicz-ekin; izan ere, eguraldia erabat okertu zen. Baldintza horiekin 6.500 metrotik gora egoteak erreskate taldearen bizitza arriskuan jarriko luke. Gainera, Mackiewicz ez zen gai bere kabuz jaisteko».
Helikopteroak 3. kanpalekuan (6.500 m) lur hartzea ezinezkoa zen, eguraldi gaiztoa nagusitu zen, erreskate lanetan jardun zutenen aklimatazioa ez zen egokiena, Mackiewicz hilzorian zegoen… Horregatik hartu zen aipatutako erabakia. Eta Szymczakek beste honako hau gehitu nahi izan du: «Erabaki hori oso gogorra izan zen. Uste dugu izaera horretako krisi garaietan hartzen diren erabakiekin gurea egokia izan zela. Batzuetan, biktimen kopuruak emergentzia zerbitzuen lana gainditzen du. Hori dela eta, bizirik ateratzeko aukera gehien dituztenei laguntzen zaie, eta hori gertatu daNanga Parbateko kasuan. Horregatik guztiarengatik esfortzu guztiak Revol laguntzera bideratu genituen».

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
