Haritz LARRAÑAGA
baiona

EHKOlektiboak 11. Topaketak egingo ditu datorren larunbatean Uztaritzen

Euskal Herriko laborari eta herritar agroekologikoen kolektiboak otsailaren 17an Uztaritzen biltzeko dei zabala egin du. Besteak beste, iazko bilana egin, datorren urterako erronkak finkatu eta kolektiboa egonkortzeko ezarri beharreko bitartekoen inguruan hitz egingo dute.

EHKOlektiboak antolatu ohi dituen gainerako ekimenetan eta topaketetan bezala, «agroekologiaren munduan parte hartu nahi duen ororentzat ateak irekiak izango dira», elkarteko dinamizatzaile Leire Rodriguezek adierazi zuenez. Arratsaldeko hiruretatik aurrera egingo dira larunbateko topaketak Uztaritzen (Lapurdi).

Ekoizteko moduez edo teknikez gain, irizpide ekologikoak, sozioekonomikoak, soziopolitikoak eta kulturalak ere kontuan hartzen dituen kontzeptu zabala da agroekologia, eta horixe bera da mugimendu honen ardatz nagusia.

Horrela deskribatzen du kideetako batek proiektuaren izaera: «EHKO saiakera bat da, erresistentzia bat, politika ildo argi bat, sorkuntza eremu bat, hartu-eman leku paregabe bat, Euskal Herri bat, autonomia bilatze bat, herritarren leku bat».

Ibilbide luzea izan arren, 2014ko apirilean egituratu zen modu ofizialean kolektiboa Lekornen, eta ordutik «laborantza bioekologikotik harago doan eredua» sustatzeko lanean buru-belarri ari dira.

2017ak uzta oparoa eman du

Gaur egun 200 bazkidek sostengatzen dute elkartea, eta EHKO sarea, berriz, Agroekologia lantzen duten Euskal Herriko 61 etxaldek osatzen dute.

Gauzak horrela, 2017an «EHKOlektiboan uzta oparoa» izan dute. «Hainbat arlotan murgilduak izan gara: EHKO etxalde sare eta agroekologiaren garapenean, Euskal Herri mailako laborarien trukaketak ahalbidetzen, kulturalki ateak irekitzen...», argitu du topaketei begira egin duten txostenak.

Eraldaketa agroekologikoaren inguruan Euskal Herrian dagoen irudia ezagutzeko azken urteotan sortu diren eraldaketa eredu desberdinak biltzen dituen txostena egin dute. Hainbat proiektu kolektibo berri sortu dira, baserritarrek eurek eraldaketa eta salmenta prozesu osoa kontrolatu ahal izatea helburu dutenak, eta sei lantalde ere eratu dira. Beraz, izango da zertaz hitz egin eta hausnartu larunbatean Uztaritzen.

Kultura, erronkak, aktibazioaEHKOlektiboa, Paperezko Kontzertuak, ZuZeu eta Enbor ekimenek antolatutako Baserriko Uzta egitasmoak baserri bat zabalduko dio kulturari. Anarik ireki zuen bidea Antzuolako Pikunieta baserrian eta aurrerantzean kontzertu gehiago izango dira urtaro bakoitzean.

Kolektiboko dinamizatzailearen esanetan, kultura lantzearekin batera, «etxalde sarea garatu eta egonkortzea, harreman sarea sendotzea eta EHKOlektiboa eta bertako laborarien aktibazioa» dira 2018rako ezarri dituzten erronkak.