GARA
DONOSTIA

Martxoaren 8ko emakumeen grebarekin bat egingo du EH Bilduk

Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako Martxoaren 8ko emakumeen grebarekin bat egingo duela iragarri zuen atzo EH Bilduk.

Koalizioarentzat lehentasuna da «mobilizazio soziala eta gure jendarteak aurrera egitea ahalbidetuko duen, hau da, egiazko berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzea ahalbidetuko duten, tresna politikoak eraikitzea. Eraiki nahi dugun jendarte eredua gure herrian bertan erabaki ahal izanda lortu ahal izango du Euskal Herriak behar dituen aldaketa sozialetan aurrera egitea eta horren bidez herri honetako gizon eta emakumeek berdintasunean oinarritutako jendarte justua partekatzea», zabaldu zuen koalizioak.

Parte hartzera animatu

EH Bilduk esan bezala, emakumeak dira berdintasunean oinarritzen ez den eredu sozial patriarkalaren ondorio sozial, ekonomiko eta lan arlokoak pairatzen dituztenak. Hori dela eta, emakume guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten.