Jon LEUNDA
Entrevue
AGUSTI WALTARI
PILOTARIA

«Buruz Buruko Txapelketan parte hartu ez izanarekin oso damututa nago orain»

Waltarik ez du Buruz Burukoan parte hartu eta zurrumurru ugari izan dira bere inguruan, baina garbi utzi du bere erabakia izan zela eta une honetan damututa dagoela. 38 urte beteko ditu laster, baina oraindik sasoian ikusten du bere burua, eta aurrera egiteko ilusio handia du.

Agusti Waltarik ez du jokatu ez Superprestigioa ez eta Buruz Buruko Txapelketa ere, bakarka jokatzen diren bi lehiaketa nagusiak. Horren ondorioz bere inguruan zalantza batzuk sortu dira, baina Kubakoak garbi utzi du Binakakoan parte hartuko duela eta irabazteko itxaropenarekin kantxaratuko dela. Oraindik beste urte batzuetan lehiatzen jarraitzeko asmoa duela ere esaten du.

 

Zer gertatu da Buruz Burukoan ez parte hartzeko?

Neure buruarekin haserrealdi bat izan nuen, eta horren ondorioz ez jokatzea erabaki nuen. Egia esan, une honetan erabaki horrekin ederki damututa nago. Ikusi dut Txapelketa eta pentsatzen dut gutxienez finalerdietako ligaxkan izango nintzela, eta agian irabazteko aukerak ere izango nituela.

Binakako Txapelketan izango zara orduan?

Bai, inork ez dezala zalantzarik izan. Gixandut izango da nire atzelaria, eta pentsatzen dut oso lan ona egin dezakegula. Une honetan neure burua oso ongi ikusten dut. Entrenatzailea aldatu dut, eta horrekin hobera egin dudalakoan nago. Egunero hasiberriaren ilusioarekin entrenatzen naiz, eta pentsatzen dut lan handi bat egin dezakegula Binakakoan.

 

Orduan, lesioek ez dute zerikusirik izan?

Ez, ez. Esan bezala, beroaldi bat izan nuen, eta ez jokatzeko erabakia hartu nuen. Gero, behin konturatu nintzenean, atzera egin nahi izan nuen, baina ordurako dena antolatua zegoen, eta ez zegoen zer eginik. Esan bezala, hartutako erabakiarekin oso damututa nago.

 

Beste urte batzuetarako Waltari geratzen zaigu?

Bai, dudarik ez egin. Ni irabazlea naiz, eta lanean jarraituko dut, gogor entrenatuz. Kantxan zerbait egin dezakedala uste dudan artean, hor jarraituko dut. Orain gazteekin borrokatzen naiz, eta hori polita da. Horrek berak ere indar handia ematen dit aurrera egiteko.

 

Nola ikusten duzu aurtengo Buruz Burukoa?

Gazteak dabiltza nagusi. Uste dut maila polita izaten ari dela, nahiz eta azkenean Ducassouren lesioa pena bat izan den. Berak parte hartu ez izana tristea da, hor goian izango zelako. Hala ere, pentsatzen dut nik parte hartu izan banu, nik ere gutxienez ligaxkan izango nuela lekua.

 

Gazteen artean goi mailan geratzen zaren beterano bakarrenetakoa izango zara.

Horrela da. Begira, ni irabazlea naiz eta asko entrenatzen naizen horietakoa. Kuban horixe erakutsi ziguten. Han irabazten erakusten dizute, ongi lehiatzen eta horretarako lan egiten. Beharrezkoa da ongi eta asko entrenatu eta zaintzea, eta horretan saiatzen naiz. Kubako kirolariek mundu mailan lortzen dituzten emaitzak ez dira kasualitatea. Atzean ordu askoko lana dago. Nik ilusioarekin jarraitzen dut, gaztetan bezalaxe. Orain Binakakoa etorriko da, gero Angeluko Torneoa, eta aurten Hazparnen ere torneo handia egin nahi dute, eta gero Masterra. Uste dut lehiaketa oso garrantzitsuak daudela, eta nik sekulako gogoa dut.

 

Nolakoa da gaur egun Kuban pilotaren egoera?

Egia esan behar badut, une honetako egoera ez dut ezagutzen. Nire garaiko pilotaririk gehienak, ni bezalaxe, alde egin zuten, eta oraingoekin ez daukat harremanik.

 

Baina Kubarekin baduzu harremanik, ezta?

Bai, bai, handia, gainera. Nire familia han bizi da eta sarritan joaten naiz. Izan berri naiz han gainera. Nire gurasoei eta senideei bisita egin eta nire herrialdeko lagunekin egon naiz. Hangoa naiz eta hangoa sentitzen naiz, nahiz eta Euskal Herrian oso pozik bizi naizen. Hemen oso gustura nago, jendeak bikain hartu nau, eta hori eskertzekoa da. Hala ere, nire herrialdearekin lortura handia daukat.

 

Asko aldatu al da hango egoera?

Bai, bai, nabarmen egin du hobera, bai bizitzan, baita kirol arloan ere. Ni kirolaria naiz, eta nire garaiko konturik ez dago une honetan. Orduan ez gintuzten bakarrik uzten, eta gaur egun kirolariak nahi bezala mugitu daitezke.