Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOA

Espedizio poloniarrak K2 mendian amore eman du

Krzysztof Wielickik prentsa ohar baten bidez eman du erabakiaren berri. Besteak beste, espediziokideen segurtasunagatik erretiratu direla dio. Egokitze fasea amaitu gabe zutela ere onartu du.

Kasualitatea edo ez, baina gertatu da. Iragan astelehenean aipatzen genizuen, Denis Urubko erretiratu bazen ere, K2 mendian neguko lehen igoera egiten saiatzen ari zen espedizio poloniarrak aurrera jarraitzea erabaki zuela. Alabaina, egun berean, Krzystof Wielicki zuzendariak prentsa ohar bat kaleratu zuen, eta adierazi espedizioa bertan behera uzten zuela.

Zortzimilakoetan egin diren neguko jardunetan denetarik egon da: Nanga Parbaten gailurra baina hildako batekin, eta Alex Txikonena Everesten zein poloniarrarena K2n saririk gabe.

Azkenengo hauei dagokienez, aipatu genizuen oso gorabeheratsua izan zela. Batetik, Urubkorekin hartu-eman zailak izan dituztelako. Gogoratu behar dugu Wielickiren baimenik gabe Urubkok bakarkako saioa egin zuela. Horren ondoren, erretiratu ere. Bestalde, Adam Bielecki-k eta Urubkok berak Nanga Parbateko erreskatean parte hartu zuten. Hirugarrenik, “Cesen” bidean lan egin ondoren, ohiko bidera pasatu ziren. Horrenbestez, irakurri duzuen bezala, Wielickik zuzendutako espedizioak arazoak besterik ez ditu izan.

Bertan behera

Espedizioaren buruak aditzera eman du taldekideen segurtasunagatik utzi duela espedizioa bertan behera, besteak beste, hori baitzen lehentasun nagusia.

Eta horren guztiaren inguruan, sei azalpen eman ditu: «Bielecki eta Golabek adierazi didate lehen kanpalekuraino ekipatutako soka finko guztiak ezin zirela erabili, eta kanpaleku nagusi aurreratuko dendak kaltetuta zeudela. Lehenean, bigarrenean eta hirugarrenean daudenak ziur aski suntsituta daude».

Bestetik, aipaturiko erabakia hartu baino lehen, esan zuten bi leiho on behar zituztela: «Orain ohartu gara eguraldi iragarpenak ez direla batere egokiak; 11rako leiho txiki bat iragarri zuten. Horretaz gain, girora egokitzeko fasea amaitzeko betarik ez dugu izan. Talde batek 7.200 metroko mailara igo eta ondoren kanpalekura jaitsi behar zuen 11ko leiho horretan behin betiko saioa egin ahal izateko. Baina ez dugu aukerarik ikusi».

Wielickik ere jakinarazi du mendiaren baldintzak oso arriskutsuak zirela: «Goialdean elur oldeen arriskua oso handia zen; azken zortzi egunotan 2 metroko elur geruza pilatu da. Gainera, 7.600 metrotik gora prezipitazio handia iragarri ziguten. Horren guztiaren ondorioz, K2 menditik erretiratzea erabaki dut».