Andoni ARABAOLAZA
IZOTZ

«Fosslimonster» bideak lehen errepikapena jaso du

Joan den otsailaren 13an, Pierre Labbre, Max Bonniot eta Leo Billon frantziarrek 800 metroko eta M8+ eta WI6+ zailtasunak dituenmarra hori igo zuten. Nahiz eta bidea sortu zutenek paraboltak jarri zituzten, protagonistek diote abentura handia bizi izan dutela.

Aurtengo neguko denboraldian, Norvegian izotz eskalada egiteko baldintzak oso onak izan dira. Horren ondorioz, makina bat eskalatzaile ingurumari hartan sortutako bideetara hurbildu dira. Horietako asko eta asko espezialista handiak. Batzuek marra berriak zabaldu dituzte; beste batzuek, berriz, sona handiko proposamenak errepikatu dituzte.

Azken horiei dagokienez, aurreratu behar dugu Norvegiako bitxi erakargarrienetariko batek, “Fosslimonster”-ek, frantziarren bisita izan duela. Bitxia aipatzen dugu, besteak beste, munduko luzeenetarikoa delako. 800 metro ditu, eta, gainera, azpimarratzeko moduko zailtasunak: M8+ eta WI6+.

Bada, Pierre Labbre, Max Bonniot eta Leo Billon frantziarrek marra horren lehen errepikapena egin dute. Joan den otsailaren 13an izan zen, eta protagonistok baldintza bikainekin egin zuten topo.

Ez dira beraiek izan zorioneko bakarrak; izan ere, hurrengo bi egunetan beste bi igoera izan ziren. Hilaren 14an, Aymeric Clouet, Philippe Batoux eta Michel Caranotteren txanda izan zen. Eta 15ean, Frederic Gentet, Octave Garbolino eta Antoine Avenasena. Denak frantziarrak.

Gogoratu behar dugu, “Fosslimonster” Robert Jasper, Markus Stofer eta Roger Schalik duela bederatzi urte zabaldu zutela. Izotz eskaladan jarduten duten kide guztiak aho zabalik utzi zituzten, baina, ere berean, kritika gogorrak ere jaso zituzten. Batez ere, Norvegiako Talde Alpinoaren aldetik: «Estilo onean eskalatzeko Norvegian ditugun arauak ez dituzte errespetatu». Hori zioten, besteak beste, Jasper, Stofer eta Schalik hainbat parabolt erabili zituztelako. Iltze eta stopper batzuk uzteaz gain, bileretan bederatzi parabolt eta hainbat luzetan beste bost jarri zituzten.

Gai honen inguruan, Bonniotek honakoa adierazi du: «Esan digutenez, ‘Fosslimonster’ lehen aldiz igo baino lehen, inguruko beste izotz-jauzi batzuetan paraboltak erabili zituzten. Eta hauek ez zuten polemikarik sortu. Kontuan hartu behar da marra hori 800 metro luze dela, eta mistoko lehen luzearen 10 metroan parabolt batzuk jarri zituztela. Hori egin bazuten ere, geure uste apalean uste dugu abenturari ez diola inolako eraginik egin. Izotz eskaladan munduan dagoen biderik ederrenetarikoa da, eta parabolt gutxi horiek marrak duen abentura kutsu hori ez dute izorratzen. Beraz, Jasper, Stofer eta Schalik eginiko lana txalotzen dugu, eta, bide batez, ‘Fosslimonster’-en inguruan pasa dizkiguten krokisa eta argazkiak eskertzen dizkiegu».

Lasai asko esan genezake, protagonista frantziarrek Norvegiako izotz-jauzietara eginiko sei eguneko bidaia eraginkorra izan zela oso. Eta hori diogu, hango eguraldia kontuan hartuta eta egindako bisita laburra izan zela ikusita, aukera ederra izan zutelako “Fosslimonster” bezalako bitxi bat eskalatzeko eta haren lehen errepikapena sinatzeko.

Abentura

“Fosslimonster” Gudvangen haranean dago, eta frantziarrek onartu dute paretaren aurrean jarri zirenean ahoa bete hortz geratu zirela: «Gauez heldu ginen. Alabaina, hura ikusteko aukera izan genuen. 800 metroko horma tente batean sortu zuten; munduko ur-jauzi estetikoenetarikoa da! ‘Munstro fosila’ itzela da oso. Horrek guztiak urduritasun zein beldur puntu bat eragin zigun. Lehen bi egunak munstro horrek dituen sekzioak nola lotu eta identifikatzen igaro genituen. Beste kide batzuk alboan genituen, eta haiek esan ziguten azken egunetan izan ziren tenperaturen ondorioz, ez zela batere komeni zintzilikatuta zeuden egitura haietan sartzea».

Informazio hori aztertu ondoren, hirukote frantziarrak erabaki zuen lehenik eta behin termometro bat erosi behar zuela: «Gure helburuaren bideragarritasuna ziurtatzeko, bidearen aurrean jarri behar ginela adostu genuen. Eta, ondoren, ‘fosil’ erraldoi horrek nola arnasa hartzen zuen entzun. Bitxia bada ere, bide horrek bederatzi urte zeraman igoerarik jaso gabe. Ezohikoa iruditu zitzaigun; izan ere, kristoren edertasuna du. Alpeetan ez bezala, ingurumari hartan izotz-jauzien inguruko informaziorik ez dago. Beraz, ‘Fosslimonster’ aztertu ondoren, gure senari atea ireki genion. Termometroa erosi genuenez, fisikaren oinarri soilenari kasu egin genion. Zero azpiko tenperaturarekin, marra horretan saioa egingo genuen. Goitik bazen, jakina, ez».

Frantziarrek jakin bazekiten, haran hartako bide luzeena eskalatu behar zutela. “Fosslimonster”-en lehen 250 metroak izotzean eskalatzen dira; 85°-ko aldatsak eta tarte zehatz batzuk tenteagoak. Jasper, Stofer eta Schalik informazio bikaina helarazi ziguten. Tenperatura zero azpitik zegoen, eta marraren baldintzek egokiak ziruditen. Eguraldia ere nahiko txukuna zen, eta, bederen, ez zuen haizerik egiten. Hori guztia kontuan hartuta eta bi eguneko atsedena hartu ondoren, saio bat egitea erabaki genuen».

Bidearen lehen zatian, Billon sokaburu joan zen. Lehen metroak eskalatu ondoren, protagonistok ohartu ziren erabaki egokiena hartu zutela: «Lehen 300 metroak oso baldintza onetan zeuden. Bibakerako tresneria erlaitzean utzi eta bidearen lehen giltzari ekin genion. Bi luze dira, biak ala biak mistokoak. Bigarrenari dagokionez, artesi perfektu bat eta zeharkaldi aereo bat eskalatu genituen. Eskaladaren une zirraragarriena izan zen! Giltza horiek zein aurretik zuen izotzezko sekzio tente bat Maxek gainditu zituen, eta bilerara izoztuta zein erabat bustita iritsi zen. Izotz tarte horri dagokionez, krokisean 6+ jartzen zuen, baina gure ustetan 7 gradua izan zezakeen».

Alpinista frantziarrek erritmo ona zeramaten, baina aitortu dute garbiketa lanak denbora kendu ziela: «Hori da kirol honen aurpegi bat. Arratsaldeko hiruretan, bidearen azken giltzaren aurrean geunden. Pierrek bigarren giltza horri ekin zion. Erabat inspiratuta zegoen, eta, dotoretasunez, hura gainditzeko aukera izan zuen. Onartu behar zaio fin ibili zela, besteak beste, estalaktita horiek eskalatu eta beste batzuk saihestea ez delako batere erraza. Estalaktiten ‘jolas’ modukoa izan zen. Pozarren ginen; izan ere, krokisean aipatzen zituen giltzak edo tarte azpimarragarrienak gaindituta genituen».

Eta halaxe zen. Alpinista frantziarrek azken sekzio “errazenak” soilik zituzten aurrean: «Azken zatian berriro ere garbiketa lanak egokitu zitzaizkigun. Leok hainbat luze egin zituen, 58 metrokoak eta oso eraginkorrak. Eta, gainera, gauez! Paretaren gailurrera arratsaldeko zortzietan heldu ginen. Denera, ‘munstro’ hori eskalatzeak hamahiru ordu eskatu zizkigun. Gauerdia izateko ordu erdia falta zenean, geure bungalow-era iritsi ginen. Tresneria eta bizkar-zaku guztiak zoruan utzi, eta garagardo batzuk edan genituen ondo merezita. Gauza asko genituen ospatzeko. Batetik, eskalada egun perfektua izan zelako. Bigarrenik, une eta leku egokian izan ginelako. Eta azkenik, ‘Fosslimonster’ bezalako bitxi bat ezagutu dugulako. Harrigarria izan da!».