GARA
BILBO

86 bullying kasu atzeman dituzte EAEn, aztertutakoetatik %19

EAEko eskoletan 86 jazarpen kasu identifikatu zituzten 2016-2017 ikasturtean, horietatik 57 DBHn eta 29 LHn. Bizikasi proiektua abiatu dute, prebentziorako eta esku hartzeko.

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak 2016-2017 ikasturteko bullyingaren inguruko datuak eman zituen atzo: 86 kasu identifikatu zituzten, ikuskaritzak aztertutako 443 kasuetatik %19,4. Gehienak (57) Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren eta besteak (29) Lehen Hezkuntzan, bereziki etapa honetako azken urtean. Aurreko kurtsoarekin konparatuta, kasu gutxiago topatu dituzte. 2015-2016an, 121 jazarpen zenbatu zituzten, aztertutakoen %24,85.

2016-2017ko ikasturtera bueltatuta, tipologiari begiratzen badiogu, gehienak (42) bazterketak izan ziren; 12, eraso fisiko zuzenak; 7, mehatxu, xantaia edo beldurrarazteak; 3, jazarpen sexistak eta 4, bestelakoak.

Sailburuak nabarmendu zuenez, jazarpenen %20, identifikatutako 86etatik 17, Internet bidez egin ziren. Azaldu zuen bullyingaren gaia agendan dutela eta lanean segitzea besterik ez zaiela gelditzen, «ikasle bakar batek ere inongo eraso edo jazarpenik sufri ez dezan. Helburua argia da: hezkuntza komunitate osoari laguntzea, erasoa jasaten dutenei, baina baita egiten dutenei ere». 32 kasu bideratzea lortu dute, «bi aldeak adiskidetuta». 19ri jarraipena egiten ari zaie oraindik, 23 eskolak konpondu ondotik artxibatu dituzte eta 12 zaintzapean daude. Prebentziorako eta gertatzen denean esku hartzeko, Bizikasi proiektua jarri dute martxan ikasturte honetan, eta haur eta gaztetxoentzako Zeuk Esan telefonoa ere badago (116 111).

YesICT programa

Bestalde, Europar Batasunak ekintzailetasuna bultzatzeko sortutako YesICT programaren barrenean, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak diseinatutako unitate didaktikoak esperimentazio fasea bukatu du. Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan eta Europako beste ikastetxe batzuetan egin dituzten pilotajeek inpaktu positiboa izan dute ikasleengan, lau esparrutan: sormena, arazoen ebazpena, kooperazioa eta norbere buruaren konfiantza. Unitatearekin webgune bat egin dute (Yesict.eu), materiala nahi duten guztiek erabil dezaten.