Amalur ARTOLA
BILBO

Erakutsi gabeko Oteizaren lanak bildu ditu Michel Mejuto galeriak

«Bost urteko lan nekeza izan da, baina merezi izan du». Hitz horiekin, asebeteta agertu zen atzo Michel Mejuto, bere izena daraman Bilboko galerian Jorge Oteizaren obrez osatutako erakusketaren inaugurazioan. Hamasei eskultura, hamabi medailoi eta hamar obra abstraktu daude bertan ikusgai, horietatik gehienak bilduma pribatuetakoak eta, beraz, jendaurrean inoiz erakutsi gabeak. Uztailaren 27ra arte egongo dira Michel Mejuto galerian.

Bilboko Michel Mejuto galeriak atzo inauguratu zuen Jorge Oteizaren hamasei eskultura, brontzezko hamabi medailoi eta hamar obra abstraktu biltzen dituen erakusketa. Horien bidez, Orion jaiotako sortzaile handiaren berrogei urteko ibilbidea islatu nahi da, Michel Mejuto arte historialari eta galeriaren jabeak azaldu zuenez: «Zaharrena 1951. urtekoa da, eta Arantzazuko zikloaren zati da, orduan jaso baitzuen Arantzazuko enkargu eskultorikoa», zehaztu zuen erakusketaren inaugurazioaren ostean. Ibilbideak Klarion Laborategiko hainbat piezarekin jarraitzen du, 70eko hamarkadan eskultura berrartu zuenean egindakoak, eta badaude Oteizaren ibilbideko hainbat obra adierazgarri ere, tartean hormigoizko pietate bat edo Arantzazuko frisoko apostolu baten burua. «Hain justu, Nestor Basterretxearen ‘Ama-Lur’ filmerako erabili zutena da. Uste dut erakusketarekin Oteizaren interes teknikoen gaineko ibilbide bikain bat osatu dugula eta badu balio erantsi bat ere: obra guztiak bilduma pribatuen zati direnez, gehienak ez dira jendaurrean sekula erakutsi», nabarmendu zuen Mejutok.

Erakusketa osatzea, baina, prozesu luzearen emaitza izan dela esan zuen. «Bost urte eman ditugu honetan; autoreak merezi duen bezainbesteko kalitatezko erakusketa osatu ahal izateko bilaketa lan handia egin dugu. Pertsonalki ardura handia sentitu dut, batez ere pieza ezberdinak izan zitezen eta obra ezagunak eta ezezagunak aurkez zitzan nahi nuelako», zehaztu zuen. «Lan nekeza izan da, baina merezi izan du. Uste dut erakusketa Oteizaren ibilbidearen erakusgarri dela».

Obrak penintsulako puntu ezberdinetatik ekarri dituzte. Nagusiki Euskal Herritik, baina baita Errioxa, Bartzelona edota Madriletik ere. «Jorge hamar urtez bizi izan baitzen Madrilen, 50eko hamarkadan, eta nolabait bertako giro artistikoaren katalizatzailea izan zen, abstrakzioaren inguruko mugimendua sortu zuen», azaldu zuen. Madriletik ekarri dute, adibidez, 1952an egindako fraide baten figura bat, Mejutok zehaztu zuenez Oteizari Arantzazuko frisoa egiteko baliagarri izan zitzaiona.

Arte historialariaren ustez, baina, ikusgai jarri dituzten bi kutxa metafisikoetako bat da erakusketako altxor nagusia: «Nire gustukoena da. Izen oso poetikoa du, ‘Hutsa arnasten’, eta, egia da, hutsa kutxaren barruan taupaka ari dela dirudi, baduela erritmo bat... Zaila da Oteizaren obrek sortzen duten inpaktua hitzekin azaltzea, bere obrak presentzia fisiko handia duelako eta, haren aurrean jartzen zarenean, kitzika eragiten dizu, inpaktu emozional oso potentea da. Kutxa liluragarria da benetan, nik oraindik ez dut lortzen sinpletasun horretan gertatzen dena deszifratzea, begiratzen duzun angelutik begiratzen duzula ere, ezberdina da, baina beti ari da taupaka», ziurtatu zuen Mejutok.

Erakusketarekin batera, katalogo bat ere argitaratu dute, paperean (galerian eskura daiteke) eta euskarri digitalean (michelmejuto.com webgunean), eta gazteleraz soilik. «Esfortzu handiz, ekonomikoa zein diseinuzkoa, argitaratu dugu eta ez geneukan itzulpenik egiteko baliabiderik», argudiatu zuen.

Katalogoa Alfonso de la Torre teorialari eta arte komisario madrildarrak osatu du: «Batzuetan Jorge Oteizaren figurak, pertsonaiaren mitologiak, itzal egiten dio bere obrari eta nik obrak pertsonalitatea per se eduki zezala nahi nuen; horregatik hautatu nuen autore madrildar bat, 50eko hamarkadako Europako abstrakzioaren ikertzaile nagusia ere badena, Oteizak nazioarteko sortzaile gisa duen garrantzia nabarmendu zedin».

Bilduma pribatuak

Mejutoren hitzetan, piezetatik gehienak jendaurrean erakutsi gabeak izatea da erakusketaren balio erantsia. «Nobebadea dira artea maite dutenentzat eta Oteizaren zaleentzat. Egia da Katalogo Arrazoiturako obra hauen argazkiak ere hartu zirela eta bertan ikus daitezkeela, baina ez dira jendaurrera eramanak izan eta uste dut zaleek sorpresa askorekin egingo dutela topo», ziurtatu zuen.

Behin erakusketa inauguratuta, «sekulako atseden psikologikoa» hartu duela baieztatu zuen Mejutok; «ardura handia sentitu baitut niretzat ikonikoa, oinarrizkoa den artista baten erakusketa prestatzen».

Bilbon uztailaren 27an ateak itxita, erakusketa Madrilen erakutsiko da, Guillermo de Osma galerian (irailak 13-azaroak 14).