GARA
GASTEIZ

Eustat-eko langileek greba egin dute, Lakuari dagozkien baldintza duinak exijitzeko

ELA, LAB, CCOO eta UGT batuta, greba eguna egin zuten atzo Eustateko langileek. 91 lagun ari dira institutu honetan Lakuarentzat lanean eta, gaitzetsi zutenez, 27 urte daramate Gobernuarentzat «ikusezin» izaten.

Eustaten 91 pertsona ari dira lanean. 27 urte daramate Lakuari zerbitzua ematen, baina «ikusezinak» dira Gobernuarentzat. Hala esplikatu zuten, atzoko grebaren harira, ELA, LAB, CCOO eta UGTk elkarrekin idatzitako agirian. Erantsi zutenez, tamalez, langileek epaitegietara joan behar izan zuten 2010 eta 2012 artean beren lanpostua onar zezaten eta lanpostu zerrendan (LPZ) azal zedin.

«Nahiz eta epaitegiak arrazoia eman eta Gasteizko Legebiltzarrak egoera honen irtenbiderako agindu zehatza eman, Eusko Jaurlaritzak, gehiengoa emakumezkoak diren sektore honetan, horrelako egoera prekarioa mantentzea proposatzen du», salatu zuten lau sindikatuek. Lakuako Gobernuaren aurrean elkartu ziren langileak. Bertan eztabaidatzekoak ziren atzo beren egoerari buruzko mozio bat, Elkarrekin Podemosek aurkeztua, baina azkenean atzeratu egin zuten ekimena.

Lanaldi osoa, urte osorako

Esplikatu zutenez, 91 langileok, Gobernuarentzat lan egin arren, ez dute funtzionario estatusik. Are gehiago, lanaldi osoen ziurtasunik gabe eta urte osoan lana izango duten jakin gabe joaten dira lantokira. Eta, ziurtatu zutenez, badago nahiko lan, ondo antolaturik, bi baldintza horiek betetzeko. Badaude kanpoko enpresei eskatzen zaizkien inkesta ugari ere, «bertan egin beharko liratekeenak eta lana sortuko luketenak, zerbitzu publikoa indartuz. Falta dena, berriro ere, borondate politikoa da», azpimarratu zuten.

Lau sindikatuok proposamen argia egin zioten Urkulluren Exekutiboari: «Gaur egun dauden langile guztien lanpostua bermatzea, %100eko lanaldiarekin, urte osorako, lurraldeen arteko derrigorrezko mugikortasunik gabe, lanpostuaz jabetu ondoko euskarazko perfileko derrigortasun datarekin eta kontsolidazioa Lan Eskaintza Publiko (LEP) bati lotuta, egonkortzeko berme gisa.

Hau da, ELA, LAB, CCOO eta UGTk langile hauentzat bidezkoa den irtenbide bat eskatu zioten Lakuari, horretarako Legebiltzarrak emandako agindua betez. Xede horrekin atera ziren atzo lantokietatik kalera. «Gaurkoa ez da bukaera, egoera konpondu bitartean jarraituko dugu, mobilizazioak areagotuz», abisatu zuten.

Estatuko Administrazioan

Bitartean, Bilbon, UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek beste elkarretaratze bat egin zuten Madrilgo Gobernuaren ordezkaritzan, Estatuko Administrazio Orokorrean hobekuntzak eskatzeko, langile gehiago hartzea eta soldatak handitzea, besteak beste.

“Lan publiko gehiago eta soldata duina” leloarekin egin zuten protestan, UGTko Juan Vicente Manzanok agertu zuen, «ekonomia suspertzen» ari denez badela momentua langile publikoek krisi urteetan «galdu zituzten eskubideen parte bat berreskuratzeko».