Bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatu du Nafarroak
Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun Materiagabe izendatu du. Exekutiboak adierazi duenez, berau babesteko neurriek bere «fosilizazioa ekidin behar dute» eta bertsolaritzaren «zehaztasuna eta autonomia» bermatu behar dituzte.
Nafarroako Gobernuak atzo egin zuen bilkuran bertsolaritza Nafarroako Kultur Intereseko Ondasun izendatzea onartu zuen, ondare materiagabearen kategorian. Kirol eta Gaztedi kontseilari Ana Herrerak eman zuen izendapenaren berri eta bertsolaritza Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenena eta hobekien kontserbatu dena dela esan zuen. Era berean, bertsolaritzak duen errotzea eta komunitatearen babes eta transmisioan egiten ari den lana nabarmendu zituen. Kultur intereseko ondasunaren izendapenak bertsolaritza bizirik mantentzen lagundu nahi du.
2017an egin zuen Nafarroako Bertsozale elkarteak izendapenerako eskaera ofiziala. Horretarako, bertsolaritzak herrialdean izan duen eta duen presentzia eta garrantzia agertzen zuen txosten xehea aurkeztu zuen. Bertan, besteak beste, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitatearen parte hartzea, bilakaera eta transmisio lana bildu zituen elkarteak.
Kultur intereseko izendapenerako espedientea Nafarroako Ondare Materiagabekoaren Artxiboko zuzendari tekniko eta NUPeko irakasle Alfredo Asiain etnolinguistaren beste txosten batek osatu zuen.
Dokumentazio hori guztia aztertu ondoren, iazko irailean Nafarroako Gobernuak bertsolaritza kultur intereseko ondare izendatuko zuela jakinarazi zuen. Azkenik, Nafarroako Kultura Sailak oniritzia eman zion izendapenari. Izendapena aurkezteko ekitaldi bat antolatu du Nafarroako Exekutiboak ekainaren 20rako, 18.00etan, Nafarroako Museoan. Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldun Julio Sotok eta Asiainek berak hartuko dute parte.
Orain arte bost dira Nafarroako Gobernuak intereseko ondare kultural immaterial izendatu dituen adierazpideak. Lantzeko inauteriak (2009), Ituren eta Zubietako inauteriak (2009), hiru behien zerga (2011), Luzaideko bolantak (2012) eta Cortesko makil dantza (2014).

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
