Hondarribiak lehen urratsa egin du lau onenen artean arraun egin ahal izateko
Gipuzkoarrek denbora aparta lortu zuten, Arraun Lagunak-i aurrea hartuta, etasekulako tartea atera zieten Deusto, Donostiarra eta Galiziako ordezkariari.

Seietan puntu-puntuan hasi zen Euskotren Ligako sailkatze estropadaren lehen jardunaldia. Ordurako, galerna sartua zen Bilboko itsasadarrean, zerua goibel eta ipar-haizea bizi jotzen. Baldintza horietan egin zuten arraun emakumezkoen hamabi traineruek: lehen luzean haizea gogor kontra zutela eta itzulerakoan haizearen laguntzarekin. Eta hori denboretan ere ederki antzeman zen.
Irteera ordenaren zozketa taldeka egin zen, ustez ontzi indartsuenak zirenak alde batetik eta apalenak bestetik. Eta zorteak hala nahi izan zuenez, irteten aurrenak faboritoak izan ziren, estropadaren bigarren erdiari emozio guztia kenduz.
Ziabogan jada argi ikusi zen gero helmugan baieztatuko zena: Pasai Donibane faborito nagusia dela –zazpi segundo bigarrenari lan erdietan–, Orio eta Arraun Lagunak direla bigarren koskan daudenak, Hondarribia sekulako estropada egiten ari zela –Orioren denbora bera markatu zuen maniobran eta donostiarrek baino bi segundo hobea– eta ustez gipuzkoarrekin borrokan ibili behar zuten Deusto eta galiziarrak denbora asko galtzen ari zirela.
Azkenean, garaipena eta Sestaoko Bandera San Juanentzat izan ziren, 11.06.40ko denborarekin. Arrosek Euskotren Ligako azken lau ekitaldiak irabazi dituzte, eta aurten ere faborito moduan ekingo diote Ligari. Talde irabazlea hauxe izan zen: Ane Pescador, Sarai Lizaso, Oihana Cereijo, Josune Ugarte, Onintza Olaizola, Irene Arbeo, Ioana Alijostes, Ane Arbillaga, Andrea Oubiña, Alazne Egiazabal, Vicky Piñeiro, Ane Hernandez eta Irati Larrañaga, Nerea Perez patroi zutela.
Bigarren postua oriotarrentzat izan zen, Nadeth Agirre patroi zutela bigarren luzean duten indarra eta maila atera eta zazpi segundo sartu zizkiotelako Hondarribiari. Hamaika punturekin nahiko seguru dira lau onenen artean sartzeko, eta badirudi laugarren urtez segidan Euskotren Liga osoa egiteko aukera izango dutela horiek.
Esan bezala, hirugarren postua Hondarribiarentzat izan zen, Arraun Lagunaki 18 ehunenekogatik aurrea hartu ostean. Atzoko tarteak ikusita, badirudi aurkariak nahiko urruti dituztela, baina puntutxo horrek ere bere garrantzia izan dezake gaurko bigarren jardunaldian.
Eta ezusteko nagusia Hondarribiak Deustori ateratako denbora izan zen: 26 segundo. Orain arte borroka estua izana zuten bi ontzi horiek, baina atzo Kaiku, bosgarren, eta Donostiarra, seigarren, bilbotarren aurretik sailkatu ziren. Cabo-Pobra ontzi galiziarra ere uste baino pattalago aritu zen eta bederatzigarren amaitu zuen.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
