Momiak
Oihartzun handiko bi aurkikuntza egin dituzte azken hilabeteotan. Bata, Alexandriako portuan gertatu da eta Ptolomeoen egiptoar dinastia garaiko granitozko sarkofago erraldoi batean hilobiraturiko hiru momia ditu ardatz. Bestea Israelgo Estatuaren eta Libanoren arteko mugan kokaturik dagoen Abel Beth Macaah izeneko herrian jazo da eta duela hiru mila urtekoa den eta Testamentu Zaharrean azaltzen diren erregeetako baten burua ei den eskulturarekin du zerikusia.
Egiptoko aurkikuntzaren kasuan, hiru momiak zehazki nortzuk izan daitezkeen argi ez badute ere –sarkofagoaren hormetako batek arrakala bat du eta hortik iragazitako hondakin-urak usteldu eta deseginarazi ditu gorpuak–, horien nortasuna argitzeko datu franko badute ikertzaileek: ez dute harribitxirik, ez estatus altua adieraz dezakeen objekturik aurkitu sarkofagoan, eta momietako baten burezurrean ageri diren gezi-zuloengatik gerlariak zirela ondorioztatu dute. Abel Beth Macaahko aurkinkuntzari dagokionez, ordea, gauzak ez daude hain argi. Testamentu Zaharrean agertzen denaz aparte, ezer gutxi dakite buru-eskultura agertu den eremuari buruz. Arkeologo taldeko batek aurkikuntza iraganetik bidalitako agur baten parekoa dela dio, baina zehazki zer agur klase den edo zer esan nahi duen ez daki ikerlari taldeak. Datuak faltan, asmakizun joko baten aurrean daudelakoan daude. Ez da edonolako asmakizun jokoa izango, ordea. Iraganari buruzko zer interpretazio gailentzen den aurreikusi ezinezko ondorioak izan ditzake orainaldia ulertzeko moduan.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
