Asier ROBLES
ozeta

Musika elektronikoak Ozeta hartuko du irailaren 7tik 9ra

Musika elektronikoaz gozatzeko aukera egongo da Harrikada Festibalean. Irailaren 7tik 9ra ospatuko da Ozetako Garaion Sorgingunean, eta Euskal Herriko zein Alemaniako hainbat DJ eta musika ekoizlek parte hartuko dute Harrikada elkarteak antolatutako jaialdian.

Hiru egunetan zehar Ozetako Garaion Sorgingunea soinuz beteko du musika elektronikoak. Baina horrez gain, tailerrak eta saio esperimentalagoak ere egongo dira. Esaterako, Gasteizko Beñat Goitia, Adrian Puck eta Aitor Zarzuelok gidatzen duten “Isturitzetik Etiopian barrena” emanaldia.

Festibal honen lehenengo edizio honetan, Berlingo Sisyphos eta Rummelsbucht aretoetako hainbat disko jartzaile egongo dira, baita azkenaldi honetan Alemaniako festibal garrantzitsuenetan aritu diren Casimir von Oettingen eta Electronic Elephant ere. Euskal Herritik, besteak beste, Les Alsborregach, Telmo Trenor, Balza, DJ Cubo edo Gasteizen Jimmy Jazz aretoko “Heartz” saioa gidatzen duen Miss Biotza bertan egongo dira.

Harrikada Festibala 2018 from Harrikada Festibala on Vimeo.

Zubi lana

Harrikada kultur elkartea da festibalaren antolatzailea. Galder Ruizek, elkartearen sortzaileetariko batek, bi urte darama Berlinen bizitzen, eta han musika elektronikoak duen indarra ikusirik, Euskal Herriko musikariekin zubi lana egiteko elkarte bat sortzea bururatu zitzaion. Udazkenean sortu zuten euskal herritar eta berlindar gazteez osatutako Harrikada elkartea. Urtean zehar bi jaialdi antolatu dituzte: bata Berlingo Rosi’s aretoan, non Euskal Herriko disko jartzaileek hartu zuten parte; bestea Gasteizko Gaztetxean izan zen, eta hemengoez aparte Berlingo Frau Kaufmann DJa egon zen. Bi jaialdi hauen ondoren, Harrikada Festen jarri dituzte esfortzu guztiak.

Elkartearen zein festibalaren helburua «Berlineko DJak gerturatzea, eta hemengoei han gauzak egiteko aukera ematea da», adierazi du Ruizek.

Oraindik Euskal Herrian musika elektronikoa ez da agian oso ezaguna, baina Galder Ruizen iritziz gora egin du azken urteetan: «Nik Berlinen ezagutu nuen mundu hau, baina festibala antolatzen hasi ginenean, Euskal Herrian musika mota honen eszena interesgarria deskubritu genuen. Txoko txikietatik jende asko dabil honetan, eta guri laguntzeko prest egon dira gauza guztiekin».

«Errespetuzko festibala» izatea nahi dute. Alde batetik, ez dute onartuko inolako jarrera diskriminatzailerik sexu, arraza edo erlijio kontuengatik. «Pertsona guztiak aske izatea, inoren mugak zapaldu gabe» nahi dutela adierazi du Ruizek, eta eraso sexistarik ez dutela onartuko gogorarazi du. Bestalde, ingurumenarekiko arduraz jokatu nahi dute, esaterako, zaborrak kudeatzean edota tokiko produktuen kontsumoa sustatzean.

Jaialdi honen lehenengo edizioa izango da hau, baina Galder Ruizek ez du baztertzen hurrengo urteetan ere ospatzeko aukera: «Aurten ilusio handiarekin antolatzen ari gara hau; segun eta nola ateratzen den erabakiko dugu hurrengo urteetan zer egingo dugun».

Festibala irailaren 7an hasiko da goizetik, eta irailaren 9ko gauera arte iraungo du. Sarrerak salgai daude webgunean: Harrikada-festibala.com.

 

Garaion sorgingunea

Garaion elkarteak natura, sorkuntza eta ondare soziala lantzen dihardu. Egoitza Arabako Ozeta herriko Otatza auzoan daukaten etxaldean dago, landa eremuan. Sorgingunea deitzen diote etxaldeari, hain zuzen, bertan «lau haizetara zabaltzen direlako dituzten ametsak ekintza bihurtuta».

2008. urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte bezala, eta urte bat geroago, Garaion kooperatiba elkarte txikia sortu zuten, bi bazkiderekin.

Elkartearen webgunean azaltzen duten moduan, sortzailetasuna, naturaren aldeko jarrera, harreman onak, auzolana eta elikadura burujabetza bultzatzen dute.

Urtean zehar kultur jarduera ugari antolatzen dituzte, hala nola zinema saioak, musikari egunak, bertso akelarrea, zirku eguna, ipuinen eguna...

Haur eta gazte taldeei zuzendutako hezkuntza programak ere lantzen dituzte, bizipenetan oinarritutako tailer eta saioen bitartez. A.R.