Nagore BELASTEGI
HERNANI

Txirritaren epaitegiko borrokaren berri ematen du «Bertsolari» aldizkariak

Bertsolaritzaren historiako pertsonaiarik garrantzitsuenetako baten inguruko aurkikuntza interesgarriak egin ditu Mikel Taberna idazleak, eta horiek «Bertsolari» aldizkariaren 110. alean azaldu ditu Txirritaren inguruko erreportaje batean. Epai baten arabera, hernaniarrak justiziari aurre egin behar izan zion Legasako alkatearen kontra egiteagatik.

“Bertsolari” aldizkariaren 110. alea aurkeztu zuten atzo Hernaniko udaletxeko batzar aretoan. Beñat Hach Embarek zuzendariak jada salgai dagoen alearen berri eman zuen, atzean bi lujanbiotarren hitzak zituela paretan idatziak: Maialen Lujanbio eta Jose Manuel Lujanbiorenak. Azken honen inguruko aurkikuntza da “Bertsolari” aldizkariak dakarren berri nagusia.

Mikel Taberna idazlea da “Txirrita epaileen jomugan” erreportajearen egilea. Atzean zuten testuan bertsolariak berak abisatzen zuen moduan, «nere autamenak izango dira beste 80 urtian», eta iragarri zuena bete da. Izan ere, orain arte ezezaguna zen haren bizitzaren inguruko pasadizo bat aurkitu zuen Tabernak artxiboetan, Iruñeko udaletxeko langilea den Ines Roldanekin batera.

Kontatu zuenez, “Diario de Navarra”-ren hemeroteka aztertzen ari zela, 1916ko urriaren 11n argitaratutako epaitegiko kronika batek arreta piztu zion. Bertan bi akusatu aipatzen ziren, Tomas Alkaine legasarra eta «Chirritak» [sic.] bertsolaria. Kazetariak kontatzen duenez, lehena haserre zegoen Legasako alkate Eusebio Babazerekin, eta Txirritari bertso batzuk idazteko enkargua egin zion, eta honek bere lana bete zuen. Hamalau bertsoko bertsopapera idatzi zuen, kopiak egin eta Donezteben saldu zituzten, «10 xentimotan, arrakasta handiz», kronikariaren arabera.

Kronika honekin topo egitean Taberna harritu egin zen. «Ezin nuen sinetsi nola zen posible Txirritari buruz hainbeste informazio izanda honen berri ez jakitea. Xabier Letek berari buruzko fikziozko epaiketa bat asmatu zuen, baina hau benetakoa izan zen», aipatu zuen idazleak.

Istorio horri tiraka informazioa bilatzen hasi ziren. Hala deskubritu zuten gertaera hiru urte lehenago kokatzen dela, sumarioa oso luzea zela baina sententziaren 14 orri soilik gorde direla –uste dute gainerakoak birziklatu egin zituztela–, Alkaineren abokatua Fernando Arbizu izan zela eta Txirritarena Gabriel Iziz, eta gaztelaniaz hitz egiten ez jakiteagatik itzultzaileak izan zituztela.

Sumarioan, antza, bertsoen kopiak biltzen ziren baina galdu egin dira. Gaztelaniara itzulitakoak, ordea, jasotzen dira epaian. «Espero dugu erreportaje honek balio izatea bertsoak buruan dituen norbaiten oroimena pizteko eta horiek berreskuratzeko», esan zuen idazleak.

Kontu asko ikertzeko

Orain arte desagertutako bertso horien bila ibili dira, artxibo desberdinak aztertzen, eta bide horretatik jarraitzeko intentzioa zuten, baina Fernando Maiorak eta Fernando Mikelarenak euren liburuetan Txirritaren epaiketa hau aipatzen dutenez, pentsatu zuten onena zela orain arte aurkitu dutena zabaltzea.

Era berean, bidea eginda uzten dute gaian interesa duen edonor informazio gehiago bilatzera animatuz, Txirritaren bizitzari buruz asko baitago oraindik argitzeko. Adibidez, auziari jarraipena eginez, aurkitu dute Arbizuk esan zuela Txirritarena zela errua, Alkainek enkargua egitean zuen intentzioa alkatearen lana kritikatzea besterik ez zela, baina bertsolariak bertso mingarriak egin zituela. Txirritaren abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu zuen bertsoen bi itzulpen egin zirelako, biak oso desberdinak, eta ez zelako frogatzen testua inor mintzeko asmoarekin egina zenik.

Epaiak bi akusatuak irainengatik kondenatzen zituen, bakoitzak 250 pezeta ordaintzera eta 3 urte, 6 hilabete eta 21 eguneko deserriratzera. Kondenatuen bila joan zirenean Alkaine topatu zuten baina Txirrita ez. Ez dakite non ibili zen ihesean.

Erreportajea Unai Iturriagaren lau irudirekin eta Andoni Egañaren testu batekin osatzen da. Miren Ibarluzeak gaztelaniatik euskaratu ditu bertsoak, eta hasiera batean Txirritaren euskara imitatzen saiatu zen arren, azkenean euskara batua aukeratu du lanerako.