Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Haztamuka

Batzuetan bizitza erabakiak hartzea da. Gehiagotan, erabakitakoa burutzeko lana. Erabaki batzuk albait arinen hartu behar dira, bestela trena badoa. Gero beti egon liteke trenetik jauzi egiteko astia; erortzean burua apurtu arren ere.

Aitzitik, beti arin erabakitzeak Baudelaireren gaitzak jota bizitzera eraman gintzake: «Nire bizitza sekula gertatzera heldu ez diren gertaera beldurgarriz beterik egon da». Beraz, erabakitakoa berrikusteko aukeraz gain, inoiz, hobe izaten da gertakizunen garapenari aditzea. Hori egiten dugun batzuetan gertakizunek gugatik erabakitzen dute. Lantzean, hasieran hartuko genukeen erabakiaren aurkakoa hartzera eroan gaitzakete.

Noizbehinka, gertakizunek hasierako erabakia indartu besterik ez dute egiten. Erabakiak hartu aurretik estutzen gara sarritan. Baina badira hartu ostera arte larritzen ez gaituztenak ere.

Ez da erraza noiz zer egin behar dugun jakitea. Ebazpena egiteko behar dugun, edo erabiltzen dugun, informazioaren arabera, gure izaeraren alderdi ezberdinak pizten baitira: burua, bihotza, zakatzak, erraiak... Une batzuetan, gure beldurrak justifikatzeko egokiena zaigun informazioa baino ez dugu ikusten. Aldatu ezin duguna eta gertatzea nahi ez duguna elkarrengandik hurbilegi dauden kasuetan, esaterako. Gehienetan, energiaren ekonomia hutsa da. Edo pilotari nafar batek esan bezala: «Partida irabazteko ezin neka ninteke tanto guztietan». Ondorioz, erabakia mantentzeak eskatuko digun energia kopuruaren arabera (denbora, dirutan edo norbere buruari begietara begiratzeko gaitasunean neurtuta) aktibatzen dira gure izaeraren alderdi batzuk, edo besteak. Erabakia aldatuz.

Espainiar Gobernuak, azken ehun egunetan, erabakiak errotonda bihur litezkeela demostratu du. Norabidea erabaki aurretik, eta ondoren, beste bira bat errotondari. Bertakoen dirua atzerritarren bizitzen gainetik dagoela erabaki dute naufragoen babesleek. Zalantza ei da argitasunaren lehen ezaugarria. Baina ezaugarri bakarra denean...