Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Baserritik eskolara

Haurtzaroa gomutan hartuta, asko izan ohi dira gogora etortzen zaizkigun oroitzapen onak; eta nostalgiak eraginda-edo, arrunta izaten da ere iragana zena baino ederragoa oroitzea. Dena den, are poztasun handiagoa ematen digu hain onak ez ziren zenbait oroitzapenetan benetako hobekuntzez jabetzea.

Txikitako oroitzapen onen artean ez daude inolaz ere, ikastolako jangelan hartutako cateringeko menuak. Sobera egindako makarroi koipetsuak, edo gehigarri moduan eskaintzen zizkiguten poltsako patata moduko horiek ez zitzaizkigun batere atseginak iruditzen. Etxekoekin alderatuta, hura ezberdintasuna!

Hemendik aurrera Urduñako herri eskolako umeek oso bestelako bizipena izango dute. Lan, esfortzu eta aldarrikapen anitzen ondoren, azkenik, Urduñako herri sukaldeak adineko egoiliarrei zein herri eskolako umeei tokiko elikagai ekologikoak eskainiko dizkie. Lana ez da batere erraza izan; horregatik, udala –baina batez ere eskolako guraso, irakasle eta azken finean herri osoaren ahalegina– goraipatu beharra dago, aldaketa sakonek biztanleen inplikazioa eta kontzientziazioa eskatzen baitute halabeharrez.

Elikadura burujabetza oinarritzat hartuta, gizartea eraldatzeko prozesua abiatu zuten Urduñan. Helburua elikadura osasuntsua, bidezkoa eta hurbila lortzea da, baita tokiko garapen jasangarria sustatzea ere. Elikadura negoziotzat hartu ordez, eskubidetzat hartzea da oinarr ia. Hau da, irizpide ekologikoak eta sozialak irabazi ekonomikoen aurretik jartzea.

Elikadura eredua erabakitzeko ahalmena dugula sinesten badugu, politika publikoen garrantzia aitortu beharko dugu; adibidez, Urduñan hurbileko elikagaien erosketa publikoen bitartez baserritarrei laguntzen zaie euren jarduera egiten jarrai dezaten. Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren eskola-jantoki publikoen kudeaketa ereduak ez ditu honelako esperientziak errazten.

Urduña moduko tokiko esperientziek erakusten dute elikadura burujabetzaren praktikak posibleak direla, eta, batez ere, urgenteak eta estrategikoak.

Zorionak, eta on egin!