GARA
sokatira

Hiru domina euskal selekzioarentzat Hegoafrikako Munduko Txapelketan

Euskal Herriko selekzioak hiru domina irabazi ditu egunotan Hegoafrikako Lurmutur Hirian jokatu den Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan. Ostiraleko jardunaldian bi aldiz igo ziren euskaldunak podiumera, eta atzo beste behin erakutsi zuten ikurrina sari banaketan.

Azkenetik hasita, atzo, gizonezkoen 720 kiloko mailan, zilarrezko domina golkoratu zuen euskal selekzioak. Pisu astunenean euskaldunek aukera gutxi izango zituztela pentsatu arren, azkenean bigarren amaitu zuten, ligaxkan hirugarren egin eta finalerdian Ingalaterraren aurka garaipen ederra eskuratuz. Finalean, hori bai, Herbehereetako selekzioak bere nagusitasuna erakutsi zuen.

Bezperan, gizonezkoen 560 kiloko mailan, zilarra irabazi zuen Euskal Herriak, hor ere finalerdian Ingalaterrari irabazita, eta, kasu horretan, Alemaniarentzat izan zen urrea. Eta hirugarren domina, brontzezkoa, emakumezkoen 500 kilokoan iritsi zen. Finalerdietan Txina Taipeiko selekzioaren aurka galdu zuten euskaldunek –urrea lortu zuen taldea–, eta hirugarren posturako lehian Eskozia menderatu zuten.

Hiru domina horiez gain, klub arteko lehian beste lau irabazi dituzte euskal taldeek: Goiherrik bi eta Gaztedik beste bi.