Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Taxiak, Uber eta MTV

MTVren ekitaldi nagusiaren biharamunean azaleratu zen taxilarien haserrea. Haserre, oso haserre agertu ziren. Engainatuak sentitu direla esan zuten. Bilboko Udaletik Carlton hoteleko taxien aparkalekua libre uzteko eskatu omen zitzaien, segurtasun kontuak argudiatuta. Baita beren zerbitzua MTVko ekitaldietara egokitu eta zabaltzeko ere. Eta eskari guztiak bete zituzten. Baina Gidaridun Turismo Ibilgailuak (GTI) ibili omen ziren, etengabe, Carlton hoteleko taxien aparkalekuan. Eta Ertzaintzak taxien lana oztopatu omen zuen, GTIen mesedetan.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Hirigintza zinegotziak MTVko arduradunek gezurra esan zietela adierazi du. Segurtasunaren argudioa MTVkoek eskatutakoa zela. Zinegotzia ere engainatua sentitu da, hortaz. Baina nor gonbidatu zutela uste zuten ba? MTV multinazional pribatu bat da eta GTIak Madriletik ere ekarri omen zituzten. Taxilari batek esana da: «MTVko ekitaldia egingo zela jakin zenetik, ekitaldiaren asteburua bera izan da lan gutxien egin dudana». Pentsa. Honen guztiaren bultzatzaileek MTVk tokian tokiko ekonomia garatzeko helburua duela uste zuten, ala?

Aburto alkateari taxilarien kexez galdetuta, MTVk GTIak erabiltzeko hartutako erabakia MTVrena dela erantzun zuen. Udalak ez duela zeresanik. Hala izan da, bai, Udalak ez baitu baldintzarik jarri Bilbo Handiko taxien sektorea babestu, balioan jarri eta indartzeko. Alfonbra gorria izan dute MTVren behar guztiek, baita hemengo eta kanpoko GTIen kontratazioek ere. Egia da MTVren erabakiak MTVrenak direla. Baina ildo berean, gure administrazioen erabakiak gure administrazioenak dira. Eta erabakirik eza ere erabaki bat da.

Hori gutxi ez, eta aste honetan jakin da Uber Bizkaian 200 gidariren bila dabilela. Lan-eskaintza ireki duela, alegia. 6 egunean 600 curriculum jaso ditu. Zergatik 200? Gutxi gorabehera 200 lizentziaren tramitazioa blokeatuta dagoelako 2015etik (2 urteko hutsune legal bat tarteko).

Lau taxiko, GTI lizentzia bat!: Bada garaia administrazioek sakoneko arazoari heltzeko.