GARA
HARRI

Mikel Lopetegik txapela kendu dio Aimar Irigoieni

Euskal Herriko harri txikien harri jasotze Txapelketa igandean jokatu zen Laukizko pilotalekuan. Final oso estua izango zela aurrez iragarri genuen, Aimar Irigoienen eta Mikel Lopetegiren artean, eta urte askoan Irigoienek txapela buruan kokatzeko gaitasuna izan duen arren, Zarauzko mutil ihar bezain indartsuak, 22 urterekin txanda hartu dio.

Azken denboraldi luzean oso ongi zebilela begi bistan zegoen, baina Aimarri irabazteko gogor egin beharko zuela lan ere bai. Eta egin du bai. Azkenean Lopetegik 13.512,5 kiloko marka egin zuen, eta Irigoien 12.725ean gelditu zen.

Inhar Urruzunok asko sufritu zuen, asmak eragin handia izan baitzuen bere gain. Hala ere, hirugarren amaitu zuen, guztira 11.462,5 kilo jasota. Beste hiru partaideak Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a –10.900 kilo–, Julio Jimenez –8.550 kilo– eta Alvaro Zugarrondo –6.825 kilo– izan ziren.

Gaztedi nagusi Laukizen

Sokatiran, Gaztedi izan zen nagusi Laukizen jokatu zen lauko Euskal Herriko Txapelketako bigarren ekitaldian, tiraldi guztiak irabazita. Jokoan zeuden lau puntuak eskuratu zituen. Bigarren Ibarra sailkatu zen hiru punturekin. Donazaharrek bi puntu eskuratu zituen eta Ñapurrak taldeak bakarra.

Nafarroako Txapelketan, 377 kilotan bigarren ekitaldia jokatu zen Aldazen eta lehen eta bigarren postuetan berdinduta Beti Gazte eta Txantrea gelditu ziren 3,5 punturekin. Gizonezkoen 680 kilotan, Beti-Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoain ordena horretan sailkatu ziren.