Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Arrikrutzeko lehoiaren hezurdura ikusteko aukera dago San Telmon

Otsailaren 10era arte, Donostiako San Telmo museoan «Arrikrutzeko lehoia» erakusketa bisitatu ahal izango da; aukera paregabea Araotzeko kobazuloan aurkitutako animalia izugarriaren hezurdura aurrez aurre ikusteko. Gipuzkoako Aldundiko Gordailutik atera zuten Burgosen erakusteko, eta bertan egin duten bitrina berezi bati esker, orain lehoia zutik ikus dezakegu. Horrekin batera, beste animali batzuen fosilak daude ikusgai.

San Telmo museoan jarri duten erakusketaren azken espaziotik lehoiaren orroak entzuten dira, korridorea igarotzean aurkituko dugunaren aurrerapena. Bertan dago, zutik, Araotzeko Arrikrutz koban aurkitu zuten leizeetako lehoiaren hezurdura, 250 kilo inguru pisatzen zuen piztia izugarriaren azken aztarnak.

Oñatiko kobazuloan izan direnek jakingo dute lehoi hori dela bertako altxorra, baina hain garrantzitsua denez, ikusiko ditugun aztarnak erreprodukzioak dira. Arrikrutzek badu garrantzia geologikoa eta biologikoa berez, baita espeleologikoa ere. Antzinako lehoi honek kutsu arkeologikoa ematen dio.

Atzo zabaldu zuten Donostiako museoko erakusketa, aurretik Burgoseko Giza Eboluzioaren Museoan. Izan ere, Burgosen eraiki zuten lehoiaren hezurdura erakusteko bitrina berezia, animalia zutik jartzeko eta bisitaria honen tamainaz jabetzeko. Ordura arte hezurrak Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen Gordailuan egon dira, eta hara itzuliko dituzte otsailaren 10ean erakusketa ixten dutenean. Argitu zutenez, urteak pasatuko dira berriro erakusgai jartzerako, kontu handiz mugitu behar baitira eta epe baterako gordeta izango baitituzte. Gainera, ikusgai dauden hainbat pieza beste erakundeek utzitakoak dira.

Hezurdurarekin batera, bestelako fosilak daude erakusketan. Esaterako, beste animalia batzuen garezurrak. Bisita lehoiaren erreprodukzio batekin hasten da, eta jarraian gizakia Europara iritsi zeneko arte arrastoak aztertzen dira. Aurrerago, hainbat animaliaren piezak daude –originalak eta erreprodukzioak–, horien inguruan zerbait ikasteko. Hor daude, adibidez, hartz baten edo hiena baten garezurrak. Era berean, lehoiaren, otsoaren, hienaren eta hartzaren hortzak konparatzen dituzte; jaten zutenagatik desberdinak baitziren. Adibidez, lehoiaren hortzak oso zorrotzak ziren, haragia xehatzeko. Hartzak haragia jaten bazuen ere, orojalea zen eta beste mota bateko hortzak behar zituen. Antzinako garezurrak aztertuz eta gaur egungo animaliekin konparatuz, espezieen eboluzioaren berri jaso dute.

Esan bezala, azken txokoan dago erakusketako pieza nagusia. Asier Gomez erakusketako komisarioak azaldu zuenez, euren kalkuluen arabera, Arrikrutzeko lehoiak 250 kiloko pisua zuen arren, badakite handiagoak ere izan zitezkeela, Araotzeko koban beste lehoi baten femurra ere aurkitu dutelako, handiagoa, eta 330 kilo pisatzen zuen beste honek. Femur erraldoi hori ere ikusgai dago, hautsitako hiru saihetsekin –hil zen unean soldatzen hasiak zirenak– eta eme ehiztari baten atzaparrarekin batera.

Leizeetako lehoiak, leizeetan?

Adituak esan zuenez, Arrikrutzeko lehoia oso berezia da, Iberiar penintsulan aurkitu den hezurdurarik osoena delako. Izan ere, ez da ohikoa lehoien hezurdura osoak kobazuloetan aurkitzea, leizeetako lehoiak, izenak hori aditzera ematen duen arren, ez zirelako leizeetan bizi.

Hartzak kobetan sartzen ziren hibernatzera eta batzuetan bertan hiltzen ziren. Hori dela eta, hartz ugari aurkitu izan dira. Hienek, berriz, animaliaren baten gorpuzkiak aurkitzen zituztenean barrura eramaten zituzten jateko, eta horien arrastoak aurkitu dira (baita lehoien zatiak ere, kanpoan hil eta jateko barrura sartzen zituztelako sarraskijaleek).

Lehoiak, aldiz, normalean ez ziren kobazuloetan sartzen. Baliteke barruan zegoen beste animalia baten atzetik joatea, galerietan galtzea eta, ezin aterata, bertan hiltzea.

San Telmo museoko erakusketa arkeologia maite dutenei zuzenduta dago, baina baita familiei ere; izan ere, gutxi edo gehiago, eskolan denok ikasi dugu historiaurreko animalien inguruan, eta horiek aurrez aurre ikusteak jakin-mina piztu diezaguke. Zientzialariek jada hasi dute ikerketa bide berri bat. Gomezek azaldu zuenez, leizeetako lehoia duela 600.000 urte agertu zen eta duela 12.000 desagertu, baina ezin dute Arrikrutzeko animalia tarte zabal horretan kokatu. Hori dela eta, hezurdura hori eta jasotako beste piezen DNA aztertzen hasiko dira karbono 14aren probarekin, lehoiaren kronologia osatzeko asmoz.

Bestalde, hipotesi nagusiaren arabera, leizeetako lehoia glaziazio amaieran izan zen klima aldaketagatik desagertu zen eta bizi izan zuten egoeraren berri ematen du erakusketak. Komisarioaren esanetan, egungo klima aldaketaren eta ingurumenaren galeraren inguruan kontzientzia hartzen ere lagun dezake, beraz.

Erakusketarekin lotuta hainbat ekimen egingo dituzte: Burgoseko Giza Eboluzioaren Museoko zuzendaria Juan Luis Arsuagak hitzaldia eskainiko du, bisita gidatuak izango dira, familientzako tailerrak antolatuko dituzte eta bi antropologo aretoan izango dira beti azalpenak emateko prest.