Arnaitz GORRITI
EMAKUMEEN DIA LIGA

Atsedenaldiak mesede egingo al zien euskal taldeei

Joan den astean gelditu ostean, oso aurkari ezberdinak izango dituzte hirurek.

Joan den asteburuan ez zen Emakumeen Dia Ligako jardunaldirik izan, «FIBA Leihoak» direla-eta. Eliteko hiru euskal taldeek atsedenaldi luzea izan dute, eta bi asteren buruan, ikusteko dago mesede ala kalte egin ote dien.

Lointek Gernika Bizkaia da, orain arte, euskal taldeetan sendoena, jokaturiko sei partidak irabazita. Perfumerias Avenida ahalguztidunarekin batera, Emakumeen Ligako lidergoan dira bizkaitarrak, eta gaur arratsaldeko seietan zazpigarrena lortzeko parada bikaina dute. Lugon jokatuko dute Mario Lopezek entrenatzen dituen neskek, hango Ensino talde igo berriaren aurka.

Galiziarrek bi partida baizik irabazi ez dituztenez, aurkari erraza dirudite gernikarrentzat, baina ez da horrela. Galdu dituzten lau neurketetatik bi, puntu bakarragatik izan dira. Hori gutxi ez, eta maila handiko zenbait jokalari dituzte: Gernikako jokalari izandako Britany Miller pibota eta urte luzeetan IDK Gipuzkoako kapitain izan zen Arantxa Gomez Novo antolatzailea, esaterako. Starr Breedlove eta Regina Gomez ere aintzat hartu beharreko beste bi aurkari izango dira. Dena den, orain arte erakutsitako maila berari eusten badiote, bizkaitarrek galiziarren gainetik amaitu behar lukete.

Tramitea eta erronka

IDK Gipuzkoak ere etxetik kanpo jokatuko du, arratsaldeko seietan. Zamorako Angel Nieto kiroldegian Zamarat taldea izango du aurkari Azu Muguruzak entrenatzen duen taldeak.

Sei jardunalditik bakarra irabazi dute gaztelarrek; bakarra galdu gipuzkoarrek. Ondorioz, logikak gaurko neurketa tramite hutsa izango dela dio. Alabaina, Zamaratek kontuan izateko jokalariak ditu. Adibidez, Laura Quevedo hegalekoa, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan Estatu espainolarekin zilarrezko domina irabazi zuena. Horrez gain, iaz Gernikan aritu zen Ameryst Alston eskoltak debuta egingo du Zamaratekin.

Mendizorrotzan, bestetik, erronka oso zaila izango du RPK Araskik, Spar Girona hartuko baitute 18.3oetik aurrera. Kataluniarrak sailkapeneko hirugarrenak dira, 5-1 balantzearekin. Gasteiztarrek garaipen bat gutxiago dute eta irregulartasunak irregulartasun, onenean nornahiri aurre egin diezaieketela erakutsi dute.