Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Andorrari irabazteko, GBCk aldartea hobetu behar du

UCAM Murtziaren aurkako porrota min handia ematen ari da oraindik Sergio Valdeolmillosen mutilengan.

Astebete pasa den arren, oraindik min handia dute Delteco Gipuzkoa Basketeko kideek UCAM Murtziaren aurka jasotako belarrondokoa dela-eta. Partidako aurreneko zatian lan itxurosoa egin ostean, donostiarrek ezin izan zuten ezer ere egin murtziarrek atsedenaldiaren ostean erritmoa aldatu zutenean. Ondorioz, porrot mingarria jasotzeaz gain Illunbera joan ziren zale bakanen txistuak jasan behar izan zituzten, bai jokalariek eta bai Sergio Valdeolmillos entrenatzaileak ere.

Ondorioz, gaur gaueko 20.30ean Morabanc Andorraren kontra jokatu beharreko partida prestatzeko orduan Valdeolmillos eta bere mutilak aldartea hobetzen saiatuko dira, batez ere. Azken batean, berdin dute teknikak, taktikak eta abarrek, hasi aurretik norbere burua galtzaile ikusiz gero.

«Aste hasiera zaila izan da, UCAM Murtziaren aurka kolpe latza jaso genuelako», onartu zuen Sergio Valdeolmillos entrenatzaileak asteroko prentsaurrekoan. «Burua altxatu beharrean izan gara eta horretarako jadanik ongi egiten ditugun gauzetan zentratu gara. Hitz gutxitan, indartsu sentitzeko beharra geneukan», adierazi zuen.

Granadako teknikariaren ustez, taldeak azken neurketan erakutsi zuen arazorik larriena «erasoan jarraitutasunik eza» da. «Defentsan hobeto gabiltza, baina erasoari jarraipena ematen ez dugu asmatzen», deitoratu zuen Valdeolmillosek.

Egutegiari beldurrik ez

Urtea amaitu aurretik hiru neurketa jokatuko ditu Delteco Gipuzkoa Basketek. Etxetik kanpora bakarra; gaur gauean Andorran jokatu beharrekoa.

Alabaina, askoz aurkari gogorragoak jasoko ditu Illunben. Hasteko, Bartzelona izango du bisitari datorren larunbatean. Azkenik, Malagako Unicaja azalduko da Illunbetik hilaren 29an. Orain arte 2-9ko balantzea pilatu duen talde batentzat ez da perspektibarik onena gorantz joango dela pentsatzeko.

Ez ei dio, ordea, beldurrik ematen Sergio Valdeolmillosi hain egutegi gogorrak. «Aurkari denen kontra jokatu behar dugu. Gainera, uneotan Andorra baino ez dugu gogoan, eta hurrengo datozen aurkariak etorri ahala aztertuko ditugu», bota zuen entrenatzaileak.

Ibon Navarro gasteiztarrak zuzentzen du Morabanc Andorra. Uneotan hamargarren doa Ligan, 5-6 balantzearekin. Dena den, ez etxeko lanetan eta ez Eurocupean, ez dabil finegi. Hala ere, Ennis, Albicy eta enparauak oso arriskutsuak dira; min hartutakorik ere ez dute, gainera. Gipuzkoarrek, Maiza eta Barro berreskuratu dituzte, eta Oroz izango da baja bakarra.

 

Kilometroak eta nekearen gainetik, Baskoniak Tenerifen irabazi gura du

Kilometroz gainezka iritsi ziren atzo Kirolbet Baskoniako kideak Tenerife aldera, ostegunean Tel Aviven Maccabiri irabazi eta gaur arratsaldean, 18.00etan, Txus Vidorretak zuzentzen duen Iberostar Teneriferi irabazteko asmoz. Kilometro kopurua eta bidaiaren luzera eta gogortasuna berdinak izanagatik, umore hobean azalduko dira Perasovicen mutilak Maccabiri 79-81 irabazi eta gero.

Kirolbet Baskonia Euroligako bide okerra zuzentzen ari ote den dirudi, nahiz eta Maccabiren aurka laurden bi nahiko kaskarrak jokatu. «Baloi larregi errazegi galdu ditugu, eta hurrengo aurkariek ez digute halako hanka-sartzerik barkatuko», ohartarazi zuen Velimir Perasovicek partida amaitu berritan. Horrez gain, Granger edo Shields lako jokalariek partida nahiko eskasa jokatu zuten ostegunean eta, bada, beren aurpegia hobetzen ahaleginduko dira gaur arratsaldean, Santiago Martin pabiloiko neurketan.

Ez da kantxa erraza Baskoniarentzat, egia esan. Hamar bider jokatuta, hirutan baino ez dute irabazi gasteiztarrek; azkena 2017ko maiatzaren 4an, 72-76, azken laurdenean majo sufrituta, hala ere. Iaz, berriz, 86-74 nagusitu ziren Tenerifekoak, Tornike Shengeliak 25 puntu sartu arren.

Dena den, Vidorretarenek min hartutako jokalari pila bat dute, tartean Thadd McFadden hegaleko estatubatuarra, Tenerifekoen izarretako bat. Horrez gain, Tomasz Gielo eta Pierre Gillet ere faltako dituzte, eta San Miguel eta Nico Richotti historikoak kili-kolo dabiltza, eta ez dira beren sasoi egokienean iritsiko partidara.

Bigarren dira ACB Ligan arabarrak, 9-2 balantzeaz; bosgarrenak Tenerifekoak, sei garaipenekin. Bietakoren baten ajeek nozituko dute gaurko partida.A.G.