Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Gure ahotsa

Itzali da. Hamahiru urte dira «norbait ba al da hor?», Martin Garitanoren lehen hitzak, entzun zirenetik emisore digitaletik igorrita. Urruñan gauzatu zen ametsa. Lau bat urte lehenago erabaki eta landutako proiektua hezurmamitua zen. Egiaz, mamia gerora etorri zen, bidea eginez.

Ilegalizazioen mamua mami bihurtua zegoen garai haietan. Alderdi politiko, hautesle-elkarte, gazte erakunde eta herri-mugimenduak, bata bestearen atzetik, beren jarduerak etengo zituen eraso politiko-juridikoaren jomuga ziren. Hedabideen itxierarekin abiatutako erasoaldiak jarraipena zuen. ‘‘Egin’’ egunkariaren desagertze bortitzari aurre eginez sortutako egunkari berria (GARA) ataka bertsuan suertatuko zen susmoa hartuta, hainbat buru argik ausardiaz ekin zioten askotariko sektore herritarren ahotsa bermatzeko lanari. Ohi bezala, sektore horien ekarpenak izan ziren Lapurdiko herrian aterpea gauzatze bidean jarri zutenak. Ez hori bakarrik; Egin Irratiaren mututzeak utzitako zuloa betetzea ere helburu zuen ahalegin berriak.

Hala, traba tekniko itzelei aurre eginez, batik bat frekuentzia propioaren faltari, ilusioz ekin zitzaion proiektu berriari eta herritar eta talde ugariren engaiamenduari esker, pixkanaka, kasik Euskal Herri osoan uhin bidezko estaldura izatea lortu zen. Ehunka bazkide, dozenaka laguntzaile, langile eta kazetariren ahalegina tarteko, baita ekipo ederra gorpuztu ere, milaka entzuleekin batera errealitate indartsua osatuz.

Halako batean, (azkenean!) frekuentzia propioa erdietsi zen duela hilabete batzuk, «gure ahotsa» sendotzeko aukera berriak ekarri dituena. Erronka horri aurre egiteko agur esan zuen larunbatean Info7 irratiak, ibilbidean metatutako ondare humanoa eta eskarmentua proiektu berriari oinordetzan utzita. Ez da, hortaz, hutsetik abiatuko. Ez du «norbait ba al da hor?» galdetu beharko uhina estreinatzen duenean. Entzule eta laguntzaile komunitate zaildua izango du atzean.

Lasai Maite: kafe makinaren aurrean, une garratzak goxotasun pixka batekin orekatzeko, «kafea nahi?» galderari «azukrerik gabe» erantzungo dionik izango da berriro.