Jon ORMAZABAL
PILOTA

Iraungitze data, gero eta laburragoa

Iñigo Martinezek bi urte baino ez ditu izan bere dohainak erakusteko eta Aspeko 22 pilotarietatik 9k baino ez daramatzate bost urte profesionaletan.

Garai hauek aproposak izaten dira amaitzear den urtean egindakoak aztertu eta hurrengo kurtsora begira jartzeko. Hala, Aspeko bulegoetan egun lantsuak izan dituzte 2019an izango duten plantilla zehazten. Eibarko enpresak atzo bertan jakinarazi zuen urtebetez luzatu dituela Julen Retegi –bera da Eibarkoekin denborarik gehien daraman pilotaria– eta Aitor Elordiren kontratuak. Era berean, Beñat Garmendiak eta Oier Etxebarriak ere badute debuterako eguna; urtarrilaren 5ean jokatuko du beasaindarrak bere lehen partida profesionaletan, Tolosan, eta egun bat beranduago etorriko zaio txanda bizkaitarrari, Astelenan. Biek, gainera, bihar Bilbon aurkeztuko den Promozio Txapelketan jokatzeko aukera izango dute.

Tamalez, txanpon honek ere badu beste aldea eta, denontzat partidarik ez dagoenez, gero eta gehiago dira bi partidako jaialdiak –asteburu honetan Asegarceren biak– eta bi gazte hauei lekua egiteko, pilotan jokatzeko adinean diren beste bi utziko ditu kalean Aspek, Aitor Irusta eta Iñigo Martinez. Eskuko minez dabilen Javier Zabalak ere gertu du jauzia emateko garaia eta Najerakoarekin, 22 pilotari nahikoa direla iritzi dio Eibarko enpresak urteari behar bezala aurre egiteko.

Julen Retegirekin nolabaiteko salbuespena egin duen arren, gero eta argiagoa da vidartetarren enpresan gero eta murritzagoa dela erdi mailako pilotarientzako tokia. Eratsungoa da, 33 urterekin, pilotaririk zaharrena; 13 urte daramatza profesionaletan, eta hortik behera ez da 30 urtera iristen den pilotaririk –Mendizabal III.ak 29 ditu–. Atzean, 27 urterekin, Zabaleta geratzen da adinez nagusiena bezala, eta Errege egunean beteko dira zortzi urte etxarrendarrak debuta egin zuenetik.

Esperientzia txikia

Pilotarien adinaz harago, horixe izan daiteke arretarik handiena sor dezakeen alderdia, taldearen esperientzia falta, taldea osatuko duten 22 pilotarietatik erdiek ere ez dituztelako bost urte egin profesionaletan. Bederatzi pilotari dira bosturteko muga hori gainditzen dutenak; Retegi (13), Jaunarena (8), Ezkurdia, Mendizabal eta Zabaleta (7) eta Elezkano (6), Mendizabal, Rezusta eta Jaka (5).

Dendetako apaletan pilatutako produktuak balira bezala, gero eta pazientzia gutxiago dago debuta egin duten pilotariekin eta abenduaren 28an Tolosan bere azken partida jokatuko duen Iñigo Martinezena izan daiteke kasu adierazgarrienetako bat. Urtarrilaren 2an beteko dira bi urte, Beotibarren bertan, beratarrak profesionaletan debuta egin zuenetik eta, 21 urterekin (otsailaren 23an egingo ditu 22), pilotan profesionalki aritzeko ez duela balio erabaki dute aukera eman zioten horiexek. Ander Errandonea herrikide eta lagunarekin batera eman zuen ilusioz beteriko pausoa eta aurrelariaren ametsa are eta motzagoa izan zen, eskuko minek eraginda otsailean utzi baitzion pilotari izateari, bizibidea taxiarekin ateratzera igarotzeko.

«Momentu gogorra izan da, kontratua ez didate berrituko eta momentu honetan asimilatzen ari naiz, familiaren eta ingurukoen laguntzarekin», azaldu zuen atzelari nafarrak ETBko mikrofonoetan bere azken-aurreko partida jokatu aurretik. Aitor Irusta izan zuen parean Atanoko lehia horretan, 26 urterekin, eta profesionaletan lau urtez aritu ostean, antzerako egoeran dagoen kidea.

«Azkenean beraien erabaki bat da eta onartu beharra dago, nahiz eta ados egon ez. Hala tokatzen da. Lehen urtea oso txarra pasatu nuen lesioekin, niretzat profesionaletan urtebete eman dut, otsailetik honainokoa, pertsonalki hala pentsatzen dut, baina aurrera begiratu beharra dago eta beste etapa bat hasten da orain», adierazi zuen pilotari gazteak.

Jokoan ere gora egin du beratarrak azken hilabeteetan, baina aurten bertan David Merinorentzat ere lekurik ez zutela erabaki duten arduradunentzat –nahiz eta gero atzera egiten saiatu– ez da nahikoa izan. Irustaren kasuan ere, lesioak etsai izan ditu Munitibarrekoak. Kontua da, izarrak izan ezean, iraungitze data gero eta laburragoa dutela pilotariek, eta edozein arazo gaindiezin bihurtzen da.

Andoni Aretxabaletaren erabakiaren zain

Binakakoari dagokionez, eta asteburuan izandako emaitzek sailkapena erabat estutu ostean, Andoni Aretxabaletarengan daude jarriak begirada asko. Azken bi jardunaldiak bajan eman ditu Markina-Xemeingo atzelariak eskuan egindako zauri baten erruz eta gaur-biharretan da azken proba egitekotan, ostiralean Lekeition jokatu behar duen partidarako osatu den erabakitzeko. Hasiera batean berea da Urrutikoetxearen atzelari bezala agertzen den izena enpresaren karteldegian.

Mikel Larunbek lan ona egin zuen igandean Donostian, baina Aretxabaleta da titularra eta bere eskuaren egoeraren baitan dago dena. J.O.