Urteko azken derbia Gascan, Kopan serieburu izatearren
Weaverren lesioaren erruz, Gernika Bizkaia faborito da IDK Gipuzkoaren aurka.

Perfumerias Avenida eta Spar Girona estu hartu zituzten joan zen larunbatean bai IDK Gipuzkoak bai Lointek Gernika Bizkaiak ere. Biek ala biek, ordea, galdu egin zuten eta porrot horren zapore mingotsa kendu nahiko dute biek gaur gauean Gasca kiroldegian 20.00etatik aurrera jokatuko duten euskal derbian; urteko azkena, alegia.
Porrotak porrot, Emakumeen Dia Ligako aurreneko multzoan daude bi euskal taldeok eta hargatik biek aspaldi lortu dute txartela otsailean Gasteizen jokatuko den Kopan lehiatzeko. Aurreneko itzulia amaitzeko bi partida falta direla, gernikarrak hirugarren doaz sailkapen nagusian 9-2 balantzearekin. Donostiarrak, aldiz, 7-4 balantzea aldean, seigarrenak dira. Bizkaitarrek serieburu izateko –aurreneko lau postuetan amaituz– partida bakarra irabazita nahikoa dute. Donostiarrek ordea, gaur eta domekan –Spar Gironaren aurka, 18.00etan–, bietan irabazi beharko luke.
«Derbiak beti dira gustagarri», adierazi zuen atzo Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaia taldeko kapitainak. Altsasuko hegalekoaren aburuz, «lagun mordo batekin elkartzeko balio dute, eta litekeena harmailak ere ohi baino beteago egotea urteko zein sasoi den aintzat hartuta. Ondorioz, partida hauek oso gustura jokatzen ditugu eta laguntasunak laguntasun, ziur nago biok irabaztera ekingo diogula, beste ezeri begiratu gabe».
Erreferente bat behar
Nahiz eta IDK Gipuzkoak etxean jokatzen duen, Lointek Gernika Bizkaia izango da derbia irabazteko faborito, zalantza askorik gabe gainera. Salamancan jokatu zuten partidan Lyndra Weaverrek min hartu zuen eta eskuin zangoko abduktorean dituen arazoen erruz aurreneko itzulia amaitzeko falta diren jardunaldi biak galduko ditu.
Jokalari on baten galera baino askoz gehiago da hori Azu Muguruzarentzat; izan ere, Weaver da donostiarren saskiratzaile onena, partidako 14,7 puntu lortzen dituela. Esaterako, Gernika Bizkaian bertan ere ez dago hainbeste saskiratzen duenik.
Kontua da batez beste 14 puntu edo gehiago sartzen dituen bi jokalari daudela bizkaitarren artean: Gwathmey –14,3– eta Dietrick –14–. Horrez gain, Roundtreek 12,7 puntu lortzen ditu batez beste. Gipuzkoarren artean, berriz, Toch Sarr da bigarren saskiratzaile onena, partidako 10,7 puntu lortuta. Esan gabe doa Sarr senegaldarrak ez ezik, gainontzeko taldekideek ere nolabait pilatu beharko dituztela Weaverren puntu eta erreboteak –8,9 pilatzen ditu partidako–.
Lyndra Weaver min hartuta dagoelako, Bera Bera taldeko Ane Esnal jokalari gaztea eramango du Azu Muguruzak gaur gaueko derbirako. Denboraldia hasi denetik, Esnal IDK Gipuzkoarekin astean birritan entrenatzen aritu da.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
