GARA
Barakaldo

Langile murrizketaren aurka protesta egin dute Gurutzetako ospitalean

Urdulizko ospitalea martxan jartzeak Gurutzetan 200 lanposturen galera ekarriko duela salatu dute langileek. Osakidetzako zuzendaritzak, berriz, ziurtatu du Urdulizko zentroak lanpostu berriak sortuko dituela.

Gurutzeta ospitaleko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian ospitalearen parean, Urdulizko zentroaren eraginez Barakaldoko ospitaleko 200 lanpostu ezabatuko direla salatzeko.

Argitu zutenez, Osakidetzako zuzendaritzak erabakia hartu du pertsonal murrizketak izango lukeen eraginari buruzko ikerketa bat egin gabe.

ESK, SATSE, ELA, UGT, SME, CCOO, LAB eta SAE sindikatuek «plantilla egoki bat lortzeko» eskatu diote Osakidetzako zuzendaritzari; izan ere, egunero «lan karga handiak» pairatu behar dituztela ohartarazi zuten. Bestalde, erditze sektorean eta urologiarenean izandako murrizketak salatu zituzten.

«Ardura handia duen sektore bat gara eta gero eta lan gehiago daukagu. Erizain batek 14 gaixo artatu behar baldin baditu, ezin izango du behar den kalitatea eman», adierazi zuen Dori Alvarez ELA sindikatuko ordezkariak. Elkarretaratzea egin bitartean azaldu zuenez, otsailaren 6an bilera bat egingo dute Barakaldoko ospitaleko zuzendaritzarekin. «Arazoa da antolakuntza zentralak Gasteizen erabakitzen badu oheak itxi behar direla itxi egin beharko direla», gaitzetsi zuen.

Gurutzetako zentroko langileek jasaten duten egoerari buruz mintzatu zen Alvarez: «Egunetik egunera lan-kargak handiagoak dira, lan-erritmoa altuagoa da, presaz aritzen gara eta Larrialdiak sarritan bete egiten dira».

Urdulizko zentroak Uribe Kosta eskualdeko 175.000 pertsonari ematen dio zerbitzua egun. 578 langile profesional ditu; horietatik 468 postu berriak dira, eta gainontzekoak, 110, Areeta, Mungia eta Txorierri espezializazio-zentroetatik bideratutakoak dira.

«Lanpostu berriak»

Osakidetzak ziurtatu zuen Urdulizko ospitaleak ez duela lanpostua suntsitzen eta, kontrara, Uriben medikuntza zerbitzua emateko profesionalen lanpostu berriak sortu dituela, Gurutzeta ospitaleko lan-karga jaistearekin batera.

Asteartean hedabideei bidalitako ohar batean, sindikatuen mobilizazio-deialdiari erantzun zion zuzendaritzak eta beharginek esandakoaren kontrakoa agertu zuen: «Enplegua suntsitu beharrean, Urdulizko ospitalea guztiz irekitzeak eskualdeko medikuntzako profesionalentzako lanpostu berriak sortzea eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIan lan-karga murriztea ekarri du».

Horrez gain, nabarmendu zuten «Bizkaian orain dela bi urte baino plaza gehiago» daudela eta Gurutzetako ospitaleak gaixoei ematen dien zerbitzua «kalitate eta segurtasun kliniko handikoa» dela.

Bestalde, Osakidetzak nabarmendu zuen bere eginbeharretako bat «garaian garaiko beharrak moldatzea» dela, betiere «herritarrei ahalik eta sorospen onena» eskaintzeko helburuarekin.