Superheroiak
Mikelek erran dit berriro atzeman diotela zerbait gibelean, eta laster eginen diotela ebakuntza. Osorik ikusi dut, eta lasaitasunez hitz egin dit eritasunaz; eztarria dardarka sumatu diot, halere, beharbada kontatzen ari zenaren garrantziaz jabetu eta emozioak gain hartu diolako. Urteak daramatza eritasun hilgarriarekin borroka estuan, eta tratamendu gogor bat eta ebakuntza desberdinak egin badizkiote ere bizitzari eusten dio berak, adorez. Alabekin utzi dut jolasean. Bikiak ditu bi azkenak, eta irribarretsu ikusi dut haien gibeletik korrika. Irudi zinematografiko bat bailitzan kolatu zait begi-ninietan. Minbiziaren aurkako borroka eta jarrera ausarta ageri duten liburu eta filmak ekartzen ditut gogora halakoetan, betiere errealitateak markatzen duen erloju kolpe krudelarekin. Heroi gisa ikusten ditut heriotza data ezartzen duen eritasunari aurre egiten dioten pertsonak, horiek baitira berezienak, superheroiak. Halatsu ibili da Baionan Oier Gomez Mielgo, kartzelatik atera zutenetik urte eta erdiz eritasunari aurre egiten, senide eta hurbilekoei zeukan gozotasuna eskainiz eta Euskal Herriaren askatasunari beretik emanaz beti. Bortitzegia zen, ordea, gaixotasuna, eta ez dio bizitzen jarraitzeko aukerarik eman. Maite zutenengan eta herri honen artxibo sentimentalean hilezkor bihurtu dela sinistu nahi nuke. Ospitaleko azken orduetan, medikuek ere ez omen zuten ulertzen nola ez zitzaion bihotza gelditzen. Handia, handiegia zuelako beharbada, dena emateraino borrokatu diren euskal seme-alaba guztiek bezala. Eta agian, egunen batean zerbait itzuliko diegu dena eman duten horiei, askatasuna lortzean.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
