GARA
BILBO

Bizitegiko langileek diote patronalak kaleratzeak egongo direla onartu duela

Bilboko Otxarkoaga auzoko Bizitegi irabazi asmorik gabeko erakundeko langileek bi orduko lanuztea egin zuten atzo, baita elkarretaratzea ere, ELA, CCOO, LAB, UGT eta ESK-k deituta. Lantokiko «lehenbiziko kaleratzea» salatu zuten, eta ondotik etorriko direnak. Izan ere, agertu zutenez, Gizarte Ekimeneko sektoreko patronalak aitortu du Lakuako Gizarte Zerbitzuen dekretu berria aplikatzeak «hitzarmen jakin batzuk bukatzea» ekarriko duela eta, ondorioz, enpleguak galtzea.

Otxarkoagakoa Bizitegik Bizkaian kudeatzen dituen hiru zentroetako bat da. Hirurak kontuan hartuz, 80 langile inguruk lan egiten dute. Protestan, enpresan lanean hamar urte zeramatzan langile bat kaleratu izana deitoratu zuten. Azken bileran, gerentziak azaldu zien kaleratze horren jatorria enpresak Lakuarekin zuen hitzarmen baten amaieran dagoela. Bukaera horrek 140.000 euroko diru sarrerak galtzea ekarri omen dio enpresari, Otxarkoagako zentroko 16 plazaren arretaren diruaren baliokidea.

Julen Rozas LABeko sektore soziokomunitarioko arduradunaren arabera, argudio horrek ez du balio, langilearen kaleratzearekin 10.000 euro soilik aurreztuko dituelako enpresak. «Hortaz, hori ez da konponbidea, eta zuzendaritzak ez du alternatibarik planteatu». Langileen ustez, kaleratze honen atzean beste arrazoi bat dago: «Langilea traba zen gerentziarentzat, enpresa batzordean sartzera baitzioan». Erantsi zutenez, lankidea berriz onartzea ez zela posible esan zien enpresak, nahiz eta langileek aukerak eman, «gainontzekoen lanaldia edo aparteko paga murriztea, adibidez. Horretarako prest agertu ziren langileak».

Sindikatuek oroitu zuten Gizardatz eta Geroan patronalekin lehen aldiz bildu zirenean, otsailaren 5ean, bertako arduradunek ez ziotela kontra egin langileek balizko lanpostu galeraren inguruan egiten zuten analisiari; diagnostikoa zuzena zela onartu zuten: berregituratzeak sektorean egokitzeak eta kaleratzeak egiteko beharra jarri du mahai gainean, dekretu berriak zerbitzu sozialen finantziazioa txikitzen baitu.