WSL erakundeak munduko longboard zirkuituan hiru lehiaketa gehitu ditu
Orain arte zirkuituak eskualde mailan egiten ziren eta munduko lehiaketa bakarra izaten zen, Taiwanen. Aurrerantzean munduko 4 lehiaketa izango dira.

WSL erakundeak longboard modalitatea sustatu nahi du eta horretarako, lehen aldiz, munduko longboard zirkuitu bat antolatu du 2019. urterako. Orain arte, kontinente bakoitzak bere itzuli propioa zuen eta bertan erabakitzen zuten urte amaieran Taiwanen egiten den munduko longboard txapelketan nork lehiatu behar zuen. Aurten ordea, Taiwaneko txapelketa aitzin, mundu mailako beste hiru txapelketa egingo dituzte.
Zirkuitua osatuko duten hiru txapelketa berriak 6.000 puntukoak izango dira, eta 30.000 dolar estatubatuarreko saria eskainiko dute. Taiwangoak ordea, 10.000 puntu izango ditu eta behar adina puntu eskuratzen dituzten lehiakideek soilik parte hartu ahal izango dute Txinako uhartean.
Ondorioz, Taiwango txapelketak urteko longboard lehiaketa garrantzitsuena izaten jarraituko du, bertan erabakiko baita WSL titulu mundiala nork eskuratzen duen, eta horrez gain, irabaz saria ere, beste lehiaketen bikoitza izango da, alegia, 60.000 dolar estatubatuar.
Australiatik Txinara
Datorren hilean hasiko da longboard tour berria, Australian. Queensland eskualdean dagoen Noosa eskuin olatu famatuan egingo dute itzuliko lehen txapelketa martxoaren 7 eta 10a bitartean. Bigarren geldialdia Galizian izango da, abuztuaren 27 eta 31 bitartean. Hirugarren lehiaketa ostera, New Yorken egingo dute, Long Islanden, irailaren 6tik 12ra. Taiwango txapelketa, berriz, urtero bezala, abenduko lehen astean egingo dute.
Taiwanen 24 neskak eta 24 mutilek hartuko dute parte. Gauzak honela, nesken zein mutilen kategorian, parte hartu ahal izango duten lehiakideak honako hauek izango dira: aurtengo itzuliko hiru lehiaketetan emaitza onenak lortzen dituzten hamabi lehiakideak, 2018ko rankingean lehen zortzi postuetan amaitu zuten lehiakideak, eta azkenik, wildcard gonbidapen bereziak jasoko dituzten beste lau surflari.
Urrats garrantzitsua
Tour berria gidatzeko WSL erakundeak hautatu duen pertsona Devon Howard da, San Diegoko longboardzalea. 90eko hamarkadan ospetsu egin zen surflari kaliforniarraren iritziz, «1986an munduko longboard lehiaketak egiten hasi zirenetik eman den urrats garrantzitsuena da».
Howardek azaldu zuenez, «eskualde bakoitzeko itzuliek garrantzia izaten jarraituko dute, orain artean bezala, baina aurrerantzean titulu mundiala eskuratzeko egin beharreko bidea zirraragarriagoa izango da».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
