Debako Arte Eskola hil ez dadin jardunaldia antolatu dute
Lakuako gobernuak dirulaguntza kendu ostean, Udalak onena artisau eskola ixtea zela erabaki zuen. Ikasturte berria hasi ez zen arren, oraindik ez dituzte irakasle eta ikasleak bertatik kanporatu; beraz, berpizteko hautua hartu dute eta jardunaldi informatiboa egingo dute hilaren 23an. Dirua ere bilduko dute grabatuen salmentaren bidez.

Debako Arte Eskola defendatzeko jardunaldia egingo dute martxoaren 23an. Proiektuari hauspoa emateko asmoz sortu zen Arte Eskola Bizirik plataformak sustatuta, egun osoan zehar entitatearen garrantziaz mintzatuko dira.
Plataformako kide Nora Mugarzak egin zuen jardunaldiaren aurkezpena atzo Donostian. Bere ustez, Debako Arte Eskola «ezin da bertan behera gelditu herri ondarea delako». Hala, Jorge Oteizaren lanari esker martxan jarri zen hari aitortza egin nahi diote, eta Euskal Herriari egin dion ekarpen kulturala txalotu.
Juan Luis Baroja Collet artista eta eskolako irakasleak azaldu zuen ofizio-eskola bat dela, eskulangileak formatzera bideratua. Formakuntza horrek titulu ofizialik ematen ez duenez, azken urteetan ikasle kopurua murriztu egin da, eta horrek gainbehera ekarri dio instituzioari. Hala ere, behar-beharrezkoa dela uste dute, mota horretako beste eskolarik ez dagoelako Euskal Herrian.
Artistak azken legealdietan udalak eman dituen pausoen berri eman zuen. Jesus Mari Agirrezabala alkate zela ekimenak antolatzen ziren eskolaren autofinantzaketa lortzeko. Maider Zubikarairen garaian, Danobat enpresarekin hitzarmen bat adostu nahian ibili ziren eskolako eraikin zaharrenean egiten ziren ekintzak lekuz aldatzeko, baina ezin izan zuten gauzatu.
Bestalde, Arteleku itxi zutenean bertan eskaintzen zituzten serigrafia eta litografia tailerrak Debara eraman zituzten, grabatu tailerrarekin batera eskaintzeko asmoz. «Aldaketa hau, beti bezala, berandu iritsi zen eta eskola jada gainbeheran zegoenez zaila zen dena kudeatzea», aipatu zuen Baroja Colletek.
Orduan, Zubikaraik kanpo eragileekin eztabaida sustatu zuen eta proposamen bat osatu zuten. Baina, beste behin, berandu zen eta legealdi aldaketarekin bertan behera gelditu zen.
«Azken urte honetan Udalak Eusko Jaurlaritzarekin bilerak izan ditu, baina gu kontsultatu gabe; beraz, ez dakigu zer hitz egin duten», kontatu zuen. Iaz eskola ixteko asmoa zuten zurrumurrua iritsi zitzaien. Gerora jakin zuten hala zela, Lakuak dirulaguntza deuseztatu eta Udalak bakarrik ezin zuelako sostengatu. Azkenean, joan den abenduan udalbatzan erabaki zuten eskola ixtea, EH Bilduren kontrako botoekin.
«Oso garestia dela diote beti, eta esaten dute itxi eta eskola moldatu egingo dutela aisialdiko tailerrak prestatuz, baina horrek ez du eskolaren izaerarekin zerikusirik, jada ez delako egongo artisau profesionalei eskainitako formakuntzarik», gogoratu zuen Baroja Colletek. Oraindik eraikinetik kanporatu ez dituztenez, proiektua bultzatzen saiatuko dira «Oteizaren memoriak bertan jarrai dezan».
Eskolaren balioak
Ekimen horien artean lehena 23ko jardunaldia da; 11.30etik aurrera hainbat hizlari jardungo dira eskolan. Era berean, Baroja Colletek egindako grabatuak jarriko dituzte salgai, 50 euroan, finantziazioa lortzeko asmoz. Horiek Debako hainbat puntutan ere eskuratu ahal izango ditu nahi duenak.
Jardunaldiko hizlarietako bat Koldobika Jauregi izango da (15.30ean), atzoko aurkezpenean ere izan zena. Honek kontatu zuen eskolarekin izan zuen lehen harremana duela 35 urte izan zela. Brontzezko lan bat egin behar zuen eta, ordura arte material hori sekula landu ez zuenez, ikasle batek lagundu zion. Orduz geroztik egin behar izan dituen monumentu publiko gehienetarako eskolatik ateratako profesionalen laguntza izan du.
Bere esperientzia hain positiboa izanik, eskola ixtea «porrota» iruditzen zaio. «Politikariek Oteiza goraipatzen dute, baina egunerokotasunera jaisten garenean inork ez du ezer jakin nahi eskolaz, Oteizaz edota bere pentsaeraz. Garai hartan abangoardiako artistek bazuten instituzioekiko amorru bat eta ez nuen ulertzen. Orain, 40 urte geroago, ulertzen dut egonezin eta ezin egin hori», salatu zuen azpimarratuz «tratu txar bat» dela euskal kulturarekiko, kulturako arlo guztiak daudelako egoera bertsuan gurean. «Proposamen interesgarriak dituen herri jantzi bat izan gintezke», aldarrikatu zuen artistak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
