Urtz, «Zabaldu ateak» diskoarekin, zuzenean jotzeko prest
Zortzigarren lana du Urtz taldeak; betiko taldekideetatik ahotsa eta gidaria den Xabier Camarerok jarraitzen du. Banda berria osatu eta «Zabaldu ateak» diskoa aurkeztu berri dute. Martxoaren 22an Bilborockera hurbiltzen direnek zuzenean ezagutzeko parada izango dute. Disko berriak garai bateko talde arrakastatsua gogoraraziko digu.

Bira aretoan aurkeztu zuten “Zabaldu ateak” lan berria, zuzenean hiru kantu ezagutarazi eta disko berriari buruzkoak eta batez ere taldekide berriak aurkeztu zituzten. Gitarran eta ahotsetan Xabier Camarerok jarraitzen du, eta gainerako taldekideak berriak dira. Musikan eskarmentu handikoak, baina Urtz doinuak zuzenean jotzen berriak; Ander Hurtado de Saratxo arduratuko da aurrerantzean bateriaz, Dani Vicente bigarren gitarrarekin arituko da eta Jorge Sanchezek baxua jotzen du.
1988. urtean hasi zen Urtz jotzen, zazpi disko egin zituzten eta kantu batzuk oso ezagunak izan ziren gazteen artean. Orain isiltasun luze baten ostean, taldea errautsetatik birsortzea erabaki du Xabier Camarerok. Bidean sortutako kantuak hartu, estudioan musikariekin sartu eta lan berriarekin eta talde eraberrituarekin aurkeztu da. «Une batez burura etortzen zitzaizkidan errepidetik ikusten dituzun eraikin horiek, inoiz etxebizitza izatera heldu ez direnak, eta pentsatzen nuen nik nituen kantuak ere hor geratuko zirela, bazterrean», aitortu zuen abeslariak, diskoa egin izanaren poza ezkutatu ezinik.
Urtzen ibilbidean zortzigarren lana da “Zabaldu ateak”. Hamar kantutan Urtz estiloa berriro gogora ekarri dute, rock gogorra eta melodia kutsakorragoak, ahots eztiz kantatuak. «Abesti batzuk izaten dira gozoak, besteak gaziak; baina esan dezaket lan honetan asko sakondu dugula hitzetan eta saiatu gara dena ondo ixten, musika aldetik ere konponketei eta detailetxoei garrantzi handia eman diegu», adierazi zuen Urtz taldeko abeslari eta kantuen egileak.
Balada tankerako “Argia” bezalako abestia ere egin dute, Pello Ramirezen txeloak ezaugarritzen du kantu osoa. “Aurpegi hori” pop rock estiloko abestian Gatibu taldeko Alex Sarduik kolaboratzen du, eta nortasun berezia ematen dio kantuari. Orain taldea eta abesti berriak jendaurrean aurkezteko gogoz dabilela aitortu zuen Camarerok. Lehenengo zita martxoaren 22an izango da, Bilborock aretoan. «Abesti berriak eta zaharrak ere bai jotzeko gogo izugarriarekin nago, eta hor gabiltza entseguak egiten kontzertu politak emateko, Bilborocken hasiko gara eta gero Elizondoko Lur aretoan ere emango dugu beste kontzertu bat», zehaztu zuen.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
