Maider IANTZI
NAFARROAKO BERTSOLARI FINALA

JULIO SOTO TXAPELDUN, SENDO, SAKON, ARGI; ENEKO LAZKOZ TXAPELDUNORDE

FINAL ONA ATERA DA. NAFARROAKO BERTSOLARITZA BIZI-BIZI DAGO. JULIO SOTO DA TXAPELDUNA. JOXEMA LEITZAREN BESARKADA ETA TXAPELA JASOTA, «BERE POZ ETA BERE MIN, EDERRA DA BIZITZEA» ABESTU DU. TXAPELDUNORDE, ENEKO LAZKOZ.

1.350 lagunek gozatu dute Anaitasunako oholtzako zortzi anaiekin. Zer erranik ez buruz burukoan, Julio Soto txapeldunarekin eta Eneko Lazkoz txapeldunordearekin. 1.172 punturekin, ongi merezitako txapela jantzi du Gorritikoak, agurrean kantatu duen bezala, «zoriona aurkituz, bestei bakea eman eta norberak sentituz, orainean geldituz». Etxarri Aranatzekoa ere sendo agertu da eta 1.114,5 puntu eskuratu ditu.

Xabier Terreros lesakarrak lortu du hirugarren postua, gozaraziz berak ere. 635 puntu pilatu ditu. Laugarren, txikitako ametsa betez eta bertsolari sentituz, Joanes Illarregi leitzarra, 19 urtekoa (631 puntu). Bosgarren, irribarre zabal batekin, gustura egoteko moduko saioa osatuz, Julen Zelaieta beratarra, 626,5 punturekin. Ondotik, Eneko Fernandez (620), Xabat Illarregi (608) eta Xabier Maia (597).

Hainbertze bertso daude hemen idazteko modukoak, inguruan euforia nagusi, jendea harat-honatean, mahaiak desmuntatzen, dena hustu eta hemendik bidali aitzinetik egindako aukeraketa da honakoa.

Buruz burukotik hasita, sei puntu motzeko ariketa ekarriko dugu. Betiko ipuinetako printzesa arrosak dira Lazkoz eta Soto. Ipuinetan duten paperaz nazkaturik, horiek berridaztea pentsatu dute. «Urtetako epela/ nabaritzen dut ospela/ eta nahiago ditut erantzi lazo ta kapela/ nik uste mundua dela aldatuz doan papela/ pentsa gaur egun aitonak ere amona direla», abiatu da Julio, aurreko ariketa bati aipamena eginez (bertan, sexuz aldatzeko hormona tratamendua jasotzen ari den bilobaz hitz egiten zuen amonak).

Etxarri Aranatzekoak proposamen bat egin dio: «Lege zaharra ta morala/ indarra galduz doala/ eta mundua aldatzen hasi da hau pasa ahala/ nahiz eta ez den normala/ denak biluztu ta hala/ irakurleak nahi duen eran osatu gaitzala». Gorritikoari gustatu zaio: «Gure izan eta izen/ aspaldi erabaki zen/ ados biluztu, zertan gabiltza bestitzen/ gure printzesa ta printzeen/ kontua behingoz finitzen/ ia laguntzen dun gizartearen begiak garbitzen».

Barrenetik

Kartzelan ere fin ibili dira. «Tolestu eta gorde egin duzu» jarri diete gaia, eta biek kantatu dute beren burua istorioan sartuz. Juliok 80 urterekin irudikatu du bere burua, testamentua egin eta kaxoian gorde duen aitonaren azalean. Hona hirugarrena: «Kajoia itxi dut eta giltzatxo batekin jarri/ nahiz badakidan norbaitek zabalduko dula sarri/ badakizue bizitzan egiten da iratzarri/ ta azken loaren ordua heriok ohi du ekarri/ eta bai hi heriotza habil korri eta korri/ inportarik ez diala bizar beltz zein ume gorri/ baino arren ez begiratu Julio den agure horri/ pixkaten bizi nahi dik ta oraindikan ez etorri».

Eneko amaren lekuan jarri da. Hona lehena: «Txikitatikan maite zituen bertsoa ta abestia/ zeinen mutiko eztia/ nahiz askok serio fama ipini jatorra ta amestia/ bertsolaritzak mugitzen dio bai gaina nola azpia/ ta baita malaostia/ armarioan gorde behar dut balitz gisan eguzkia/ Anaitasunan buruz buruko Enekoren argazkia».

Terreros eta Joanes

Hirugarren eta laugarren, lau punturen aldearekin, Xabier Terreros beteranoa eta Joanes Illarregi gaztea. Terreren lanaren erakusgarri, haur lapurtua dela jakin eta ama biologikoaren bila ibili ondotik ezagutzera doanaren paperean abestutakoa: «Sorpresaz beterikoa da bizitzaren gurpila/ jakin nuen momentuan geratu nintzen zurbila/ atea ireki eta nahi duna izan dadila/ hanka dardarka daukat ta estuturik ukabila/ urte luzez hau izan da batzun sekretu isila/ ta amaren besotara orain dijoa mutila/ egia aitortzen badut nik ez dakit zeren bila».

Illarregiren bakarkakoa goitik beherakoa izan da. Amatxi bisitatzera joan da astero bezala. Aspaldiko partez, gaur ezagutu egin du. Hona lehena: «Nere amona orain aspaldi mundu hontan jaio zena/ zahar etxea bihurtu zaio azkenaldiko kondena/ astero gisan gaur etorri naiz eskaileretan barrena/ esan du nere izena/ badaki Joanes naizena/ besarkada bat eman diot-ta egin du irri ozena/ ta izandu da azkenaldiko besarkadarik onena».

Aipagarria da Leitzako bi anaien erakustaldia. Jendea behin eta berriro lehertu da txalotan biekin.

Zortziko txikian, a ze irriak Julen Zelaieta ardo dastaketa saio bateko sommelierrarekin eta Joanes bezeroarekin. Dastaketa 18 urtetik goitikoentzat dela ohartaraztean, erantzun mundiala eman du Joanesek: «Lasai adina ez da neretzat etsaia/ hemen nauzu mutil bat ia gizongaia/ nik adinana badakit zu egon lasaia/ horregatik utzi dut etxean anaia».

Izan ere, 17 urte baino ez dituela iritsi da Xabat anaia finalera. Eta Julioren aitaren paperean kantatu du, erabat sinesgarri eta eder. Xabat orain dela zazpi urte atera zen sorterritik bertze herrialde batean lan egiteko. Geroztik telefonoz bakarrik egon dira eta gaur elkartu dira azkenean. Zergatik ez zen bisitan etorri galdetuta, hala erantzun dio Xabatek: «Ez ninduzun etxeko ezta ere gelako/ eta ez duzu pasa bizitza galako/ enintzen ni etorri ezin nuelako/ baina orain berriro holako ta halako/ bisitan etorri naiz baina betirako».

Eneko Fernandezek publikoan ziren gurasoei eskaini die bere saioa eta hunkigarria izan da momentua. Puntu erantzunak bere lanaren adibide dira. «Bardeak militarrez dauzkagu beteta/ eta horrek jende dena ez al du erreta/ Euskal Herriarentzat a ze hipoteka/ hemendik luzatzen dut nire salaketa».

Xabier Maia ongi hasi da Julenekin batera alaba pornografia ikusten topatu duten gurasoen paperean, baina Terrerosekin abeslariaren ahotsetik ari zela ihes egin dio bukaera batek eta erranen genuke horrek baldintzatu duela gero. Halere, saio ona egin du. Zorionak zortziei!