Nerea GOTI
BILBO

«Aita Mari» Greziarako bidean berriz, Gobernu espainolaren traba gaindituta

«Aita Mari» erreskate ontzia Greziarako bidean da berriz, Gobernu espainolak baimenduta. Palman geldirik egon da Madrilen aginduz, nahiz eta misio humanitarioak egiteko baldintzak bete eta Portugalen baimena zuen. Atzerapen hau azken oztopoa izatea espero dute.

Arratsaldeko lehen orduan heldu zitzaion “Aita Mari”-ren tripulazioari Greziarako bideari berrekiteko Gobernu espainolaren baimena. Hala, hortik ordu batzuetara Palmatik Greziako Chios eta Lesbos uharteetara abiatu zen. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko ekintzaileek GARAri kontatu ziotenez, Palman bildutako laguntza humanitarioa jaso behar zuen tripulazioak txalupa batean eta itsasontzira eraman. Ondoren, Chios eta Lesbos irletarako bidea hartu behar zuen, eta, kalkuluen arabera, sei egun inguru beharko ditu portura heltzeko.

GKEak Gobernu espainolaren jokabidea gaitzetsi du, lehenbizi beharrezko baimenak atzeratu dituelako eta, gero, salbamendu eremuak murriztu dituelako, “Aita Mari”-ren lana oztopatzeko. Argitu zuenez, “Aita Mari” ez da egon Palman borondatez, baizik «Espainiako Gobernuak ‘Aita Mari’-ren singladura debekatu duelako, eta singladura hori baimenduta zegoen Lisboako bulego baten arabera».

«Portu espainolera sartzeko agindua eman digute, inongo babes legalik gabe, nora eta zertara goazen azaltzeko, baina arrazoia da ez direla fidatzen emandako instrukzioak beteko ote ditugun».

Prentsa ohar batean, GKEak azaldu zuen 2017an Europar Batzordearen jokabidea ikusita ulertu zutela Mediterraneoan gero eta itsasontzi humanitario gehiago behar zirela eta helburu horrekin eta gizartearen zati handi baten babesarekin laguntza humanitarioko itsasontzia prestatu zutela. Esan zutenez, gaur egun erreskaterako baliabideez gain, gerratik eta indarkeriatik ihes egiten duten lagunei laguntzeko material medikoa dauka “Aita Mari”-k.

Erreskatea, debekatuta

“Aita Mari”-ren tripulazioak Grezian zeukan misio humanitarioa eten behar izan zuen joan den igandean, Espainiako agintariek portu espainolera itzultzeko agindua eman ziotelako. Ontzia Lisboako portutik irten zen ostiralean eta Mediterraneorako bidean zegoen Portugalgo Gobernuaren baimenarekin.

Gobernu espainolaren aginduari jarraituz, Mallorcako Palmako porturantz abiatu zen astelehenean. Itsas Salbamendu Humanitarioak gogorarazi zuenez, urtarrilaren 18tik Mediterraneoan erreskateetan aritzea debekatuta dute Pedro Sanchezen Exekutiboaren aginduz. Hori dela eta, eta ontziak klinika bat daukanez, misioa aldatu eta itsasontzia «unitate humanitario» gisa Lesbosen erabiltzea erabaki zuten.

Gogoratu behar da Espainiaren debekua dela eta, “Aita Mari”-k hilabeteak egin zituela Pasaian geldirik. Azken misio honetan, errefuxiatuentzako laguntza humanitarioa darama, higiene eta mediku erabilerako produktuak eta haurrentzako esne-hautsa.

GKEko iturriek GARAri adierazi ziotenez, Gobernu espainolaren erabakiak misioa atzeratu eta aurreikusita ez zeuden erregai kostuak areagotu ditu. Era berean, beldur ziren Mallorcako Palmara heldu eta itsasontzia bertan blokeatuko ez ote zuten.