Goi mailako bide berria zabaldu dute Dickey mendian
Jackson Marvell eta Alan Rousseau estatubatuarrak dira egileak. Alaskako mendiaren ekialdeko aurpegian 1.500 metro luze den eta AI6+ eta M7 zailtasunak dituen marra sortu dute: «Ruth Gorge Grinder». Hiru eguneko eskalada izan da.
Himalaiatik ez, Alaskatik iritsi zaizkigu berri interesgarriak. Bietan ere ohiko denboraldiak aurrera jarraitzen du; baina jarduera alpinistikoei dagokienez, momentuz, Alaska dugu izar nagusia. Mendilerro horretan mugimendu ederra izaten ari da, eta lehen jarduera azpimarragarria Dickey menditik heldu da. Jackson Marvell eta Alan Rousseau estatubatuarrek goi mailako bidea zabaldu dute mendiaren ekialdeko aurpegian. Batzuek diote marra perfektua dela; beste batzuek, berriz, “mega” hitza gehitu diote.
Argi dago behintzat alpinistok sortu duten bidea estetikoki ederra izateaz gain, teknikoki gogorra dela. Marvellek eta Rousseauk hiru eguneko eskalada behar izan zuten “Ruth Gorge Grinder” (AI6+, M7, 1.500 m) zabaltzeko. Jaitsiera, berriz, mendebaldeko aurpegitik egin zuten.
Dickey mendiaren aurpegi guztietan azpimarratzeko bideak ireki dituzte, baina ekialdeko murruak badu “xarma” berezia. Horma horretan, besteak beste, “Blood from the stone” dago. Ederra bezain gogorra: M7+ eta AI6+. 1.500 metro luze den marra horren egileak Sean Easton eta Ueli Steck izan ziren. 2002. urtea zen, eta nolabaiteko aura berezia hartu zuen; izan ere, askok eta askok “marra perfektu” gisa definitu zuten.
Protagonistok, berez, Easton eta Stecken sorkuntza lana probatu nahi zuten. Haren oinarrian ohartu ziren bidearen zati batek izotzik ez zuela. Alabaina, saio bat egitea otu zitzaien. Bost luze egin eta gero, iragarpenak bete egin ziren: ez zuten aukerarik bide horretatik jarraitzeko. Puntu horretan gaua igaro ondoren, alpinistok beste alternatiba bat bilatu zuten. Eta horrek “Ruth Gorge Grinder” sortzera eraman zituen. Lan horiek apirilaren 3an hasi zituzten, eta bi bibak behar izan zituzten xedea biribildu ahal izateko.
Horiek guztiak dira alpinista estatubatuarrek eginiko jarduera bikainaren lerroburu nagusiak. Ondoren, Rousseauk berak azalpen gehiago emango dizkigu Dickey mendian zabaldutako bidean izan zuten eskarmentuaren inguruan. Aipatu behar dugu ere joan den apirilaren 15ean, Bradley mendian bide berri bat zabaltzen ari zela, Rousseauk istripua izan zuela. Hain zuzen, izotz puska batek aurpegian jo eta ezkerreko begia zauritu zion.
«Ruth Gorge Grinder»
«Jacksonek eta biok ‘Blood from the stone’ errepikatu nahi genuen. Mendilerroan dauden bide guztien artean zailenetarikoa da. Zoritxarrez, normalean ez du baldintza egokirik; hots, izotzezko sekzioak gutxitan osatzen dira. Iazko udazkenean, Jacksonek galdetu zidan ea aurten Alaskara bidaiatzeko gogoa ote nuen. Nik baiezko erantzuna eman nion, eta gehitu ere Dickeyren ekialdeko aurpegia eskalatu nahi nuela. Bostekoa eman eta apirilaren 1ean irtengo ginela adostu genuen.
Duela zazpi urte ‘Ruth Gorge’ lehen aldiz bisitatu nuen. Misto alpinoa baina hormatzar batean probatu nahi nuen. Dickey mendiaren ekialdeko aurpegian hartu genuen lur, eta mendiarekin erabat liluratuta geratu nintzen. Iragan apirilean Jacksonekin itzuli nintzen. Eki aurpegia aztertzen ari ginela ohartu ginen ‘Blood from the stone’-k ez zuela izotz asko. Baina bide horren goialdeko baldintzek onak ziruditen. Biok bat etorri ginen: ‘saiatu behar dugu; erokeria dirudi, baina horretara etorri gara’.
Bidearen sarreran ginela, izotzezko tarte egokiena aukeratu behar genuen. Nik proposatutakoa Jacksonek ez zuen onartu, eta beste batean sartu zen. M5 zailtasuneko luze bat eskalatu ondoren, pendulu bat egin behar izan zuen berriro aukeratutako bidean jarraitzeko. Horretaz gain, M6+ eta M7 graduko luze bana egin behar izan zuen. Zintzilik zegoen elur zelai batean erlaitz bat prestatu eta gaua igaro behar genuen. Tresneria zati bat han utzi eta bibaka egin baino lehen, ‘Blood from the stone’-ri beste metro batzuk ‘kendu’ nahi nizkion. Lehen luzea (AI4+, M5) ederra izan zen. Artesi handi baten aurrean nintzen; apenas zuen izotzik. Metro batzuk eskalatu nituen, baina neure burua babesteko aukera gutxi nituen. Konpromisoa edo arriskua handia zen, eta azkenean, txapa bat jarri ondoren, handik alde egin nuen.
Bibakera itzultzen ari ginela, bele bat Jacksonen janari poltsa lapurtzen ikusi genuen. Abenturaren puntu gorena izan zen. Lo-zakuan sartu aurretik, biharamuneko aukerak aztertzen hasi ginen.
Biharamunean, goizeko 9:30ean, martxan jarri ginen. Elur zelai bat zeharkatu eta tximinia zabal batera iritsi ginen. AI4 eta M4 graduko luze bat igo ondoren, beste bi gogor (M6+, AI5) gainditu behar izan genituen. Mistoko eskaladan 250 metro eskalatu eta pendulu bat egin eta gero, bezperan aztertutako tximinia sistema batera iritsi ginen.
Sekzio hori eskalatzeko pronto ginela, lehen ezustekoa bizi izan genuen. Goialdetik elur- hauts oldea erori zen. Minutu erdi bat izan zen, baina amaiezina zirudien. Alabaina, Jackson oso motibatua zegoen, eta sokaburu jarri zen. Lasaitasun ikaragarriarekin izotzezko tarte gogor bat gainditu zuen. 240 metro lau luzetan gainditu zituen: AI6+, AI6, AI5+ eta AI5.
Hurrengo elur zelaira iritsi eta gero, bigarren bibaka antolatzen hasi ginen. Jakin bagenekin oraindik sekzio tente batzuk aurrez aurre izango genituela. Erlaitz txiki bat prestatu genuen; nahiko babesean zegoen. Harro ginen eginiko lanarekin, eta prest geratzen zitzaiguna amaitu ahal izateko.
Ikaragarri gogorra izan zen gaua. Neure kasuan ia gau osoan elurra aurpegitik kendu ezinik ibili nintzen. Bitartean, Jacksonek ia gau osoa eserita pasa zuen; elurra lo-zakuan sar ez zedin lan gogorra egin zuen. Goizeko laurak aldera, Jackson eta biok elkarren ondoan eseri ginen. Kafea prestatzen ari ginela, eguna argitzen hasi zen. Eguzkiaren agerpenarekin lehen elur-oldeak sortzen hasi ziren. 30 minutuko ziklo bat izan zen. Goitik erortzen zen elur hautsaren barruan sartuta ginen. Alboko paretetan eztanda beldurgarriak entzuten ziren.
Giro horrekin, gure hirugarren eskalada eguna hasi genuen. Goialdean zegoen izotzak surrealista zirudien. Neure buruari zera esaten nion: ‘Ezin da hain tentea izan’. Baina bazen. Lehen luzeak erori pixka bat zuen, eta bigarrenak are gehiago. Lasai asko onar dezaket inoiz eskalatu dudan izotzezko luze tenteena izan dela. Bai, ‘desplomatua’ zen; bertikaletik 10°-tik irteten zen. Luze hori nola demontre eskalatu behar nuen ez nekien; bederen, hori sentitu nuen. AI5 zailtasuneko beste bi luze gainditu ondoren, Jackson sokaburu jarri zen. 340 metro luze den izotzezko beste sekzio bati egin zion aurre; zailtasunean, gainera, iraunkorra (AI5).
Hirugarren egun horretan izotzean 600 metro eskalatu genituen; horietako 350 metro ederrak izan ziren oso. Izotzak elurrari eta mistoari pasa zien lekukoa. Elur sakonak erritmoa mantsotu zuen. Gogorra izan zen oso urratsa zabaltzea. Gailurra gertuago genuen, eta arratsaldeko seietan hura jo genuen. 3 ordu beranduago kanpalekuan ginen».

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
